Hernaniko Baratzetako produktuak, Bretxako Merkatuan

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 21a, 01:00

Arnaitz Lasarte Santa Kruz

Bretxa ondoan, egunero egunero baserritar ugarik jartzen dute postua barazkiekin, frutekin, loreekin edo aldatzeko landareekin. Garai batean gehiagok, baina merkatal zentru berria eginda ez zen tokirik denentzako eta hamazazpi elkartzen dira gaur egun: astigarragakoak, martutenekoak, adunakoak, zizurkilgoak, igeldokoak,... Tartean lau hernaniar: Rosi Ormazabal, Mirari Zeberio, Migel Mari Roteta eta Juanita Olaizola. Guztiek daramatzate urte asko bertan saltzaile bezala eta guztiek saltzen dituzte antzeko produktuak: tomatea, letxuga, aza, erremolatxa, babarruna, azelgak...

Bizitza osoa Bretxako Merkatuan

Arriatxu baserriko Mirari Zeberiok, 34 urte daramatza Bretxara gerturatzen. 80 urte dira bere familia merkatura joaten hasi zenetik, «Amona etortzen zen lehenengo, ondoren ahizpa eta orain nik eman diot jarraipena». Rosi Ormazabalek ere azken 18 urteetan ez du hutsik egin, bere senarraren familiaren postuari eman dio segida. «Mandazubin ditugu lurrak, Bakero baserria zen inguruan. Gizonaren amona hasi zen Bretxako merkatura etortzen, gero ama eta azken urteetan senarra eta biok segi dugu». Migel Mari Roteta, Portu auzoko Egaña baserrikoa da eta 10 bat urte egin ditu Bretxako merkatuan. Amona, ama eta izebaren lekua hartu du honek. Lau hernaniarren artean urte gehien daramana Juanita da. Jauregi auzoko Txanetene baserrikoa. Gizonaren amari hartu dio lekua eta orain baserrian bi semerekin batera aritzen da «Bi semeak ere etxean aritzen dira lanean eta bizimodua, lan asko eginda baina, hemendik ateratzen dugu».

Jende gehiena larunbatetan eta udan

Mugimendu dezentea izaten da Bretxa inguruan goizero goizero. Astelehenetik larunbatera egoten dira bertan baserritarrak, goizeko zazpietatik ordubiak alderarte. Udan, eta batez ere larunbatetan izaten da erosle gehien, hala ere. «Eguraldi txarrarekin askoz lasaiago ibiltzen gara, baina uda partean eta larunbatetan, oso txukun saltzen da» aitortu digute Rosi eta Migel Marik. Erosle gehienak nahiko helduak badira ere asteburuetan jende gaztea ere hurbiltzen omen da beraien postuetara. Asko do­nostiarrak izaten dira, edo inguruko herrietakoak. Mira­rik dioenez ordea, zubia denean turistek ere badute hemengo produktuak erosteko ohitura, katalanek batez ere. Juanitak kontatu digunez, lehengo erosleak eta oraingoak oso deberdinak dira, «guztia aldatu da, etortzen den jendea, hitzegiteko modua, saltzaile eta eroslearen arteko harremana...»

Orain, kotxez bertaraino

Lau hernaniarrentzat gertatu den beste aldaketa nabarmena garraioen aurrerapena izan da. «Ama trenez etotzen zen garai batean , gero autobusa jarri zuten bertaraino, hura adelantoa!» esan digu Egaña baserriko Rotetak. Juanita Olaizolak Jauregitik Errekaldera jei­tsi eta bertan hartzen zuen autobusa, Gogoan du autobus horretan Bretxara zihoazen baserritar askok egiten zutela topo. Gero ordea, «kotxe zahar bat erosi genuen eta Bretxaraino kotxez etortzen hasi ginen». Beste hirurak ere kotxez joaten dira gaur egun «Aparka­tzeko ez digute erraztasun handirik jartzen eta nahiko lan izaten dugu, baina ezingo gara kejatu. Ondo dakigu, lehen ze komeriak ibiltzen zituzten» diote beste hirurek. «Ez da bizimodu erraza» Bretxara joaten diren hernaniarren eguna luzea izaten da. Lauak, goizean goiz esnatu eta Donostiara joateko prestatzen dira, zazpietarako postua jarri, ahal den lekuan aparkatu eta ordubiak arte egoten dira bertan. Guztia txukun utzi eta etxera. Eguna ez da orduan bukatzen hala ere. Arra­tsaldean baratzan aritu beharra daukate. Merkatura zerbait eraman nahi bada lana gogotik egin behar dela gogoratu digu Mirari Ze­beriok. Migel Mari Rotetak ere horixe dio, igandetan ez dutela jai handirik izaten, beti baitago zerbait egin beharra baratzan. Urte guztian zehar lan asko eginda, bizimodua bertatik atera daitekeela onar­tzen dute guztiek hala ere, eta horrela jarraitzeko asmoa dutela, «Lan asko egin behar da, baina gustatzen zaigu baratzako lana, ahal dugun bitartean bizimodu honetan segitzeko asmoa dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!