«Udal Ingurumen Zerbitzua egiten ari den kontrol soziala salatu nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 21a, 01:00

Hamaikabat alderdiak Kronikara bidalitako prentsa oharrean adierazi duenez, azken asteetan hernaniarrek Unai Erroizeneak sinatutako gutunak jaso dituzte, eta bertan azaldutakoaren arabera «hernaniarrak bijilatzen ari dira, Udalak birziklapena ondo egiten ez dutenaren susumoa» duelako. Oha­rrean dioenez, gutun honetan ez da hautsitako legearen azalpenik ematen, eta ezta ere ustezko legea hautsi dela azaltzeko egin duten txosten tek­nikoaren berririk ematen: «ez dute probarik ema­ten, gutunean jartzen duen gauza bakarra da Udaleko Ingurumen Zerbitzu Teknikoak jakin du...».

«Akusazioa ez du inork hartzen bere gain, inork ez baitu erantzunkizunik izan nahi»

Alderiaren esanetan, akusazioa ez du inork bere gain hartzen, «inork ez baitu erantzunkizunik izan nahi, solik, jakin egin dute. Gutunaren amaieran berriz, diotena ondorengoa da: ohar­tarazpen honek erantzun ona izango duela espero dugu; hala ez balitz, tamalez, eta gure borondatearen aurka, bestelako neu­rriak hartu beharrean izango ginateke». Iñaki Arratibelen ustez, onartezina da administrazioak teknika hauek era­biltzea: «probaren pisu guztia aku­sazioan jartzen dute, ez dute urratutako legearen azalpenik ematen, ez dute akusazioa nork egin duen edo nondik jakin duten adierazten, eta abar. Gure ustez, horrelako gauzek erakusten dute Ingurumen Zerbitzuaren prozesu ad­ministratiboa gainbegiratuko duen teknikari bat behar dela; administra­zioaren irregularitateekin bukatu nahi bada, beharrezkoa da». Hamakaibateko zinegotziaren us­tez, Atez atekoak funtzionatzeko, Ingurumen Zerbitzua itsutu egin da kontrol sozialarekin: «Hamaikabat alderditik hernaniarrak babesik gabe uzten dituen metodo totalitario hauek salatzen jarraituko dugu. Horrez gain, herritarrei eskatzen diegu beldurrik ez izateko, eta horrelako gertaeren berri emateko. Ingurumen Zerbitzuak duen paranoia denon artean geldituko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!