zazpi partidutatik lau irabazita eta hiru berdinduta, Igoera Fasea jokatzeko sailkatuta dago Emakumezkoen Ligan jokatzen duen Hernani. Denboraldiko aurreneko buelta ari dira jokatzen, eta gaur izango dute zortzigarren jardunaldiko partidua. Zumaiako taldea etorriko da gaur Zubipera, partidurik irabazi gabe. Neurketa arratsaldeko 18:00etan jokatuko da, eta Aritz Arregi entrenatzaileak Kronikari adierazi dionez ondo ikusten du taldea: «gaurko partidua irabazteko aukera haundia dugu. Talde sendoa dugu, eta konfiantzarekin gaude. Azken urteetan hartutako esperientzia eragina izaten ari da aurten, eragin positiboa». Hernanik zazpi jardunaldi jokatu baditu ere, igoera fasea jokatzeko sailkatua dago. Azken urteetan ere igoera fasea urtero jokatu dute eta horietako batean, ozta-ozta egin zien ihes: «igoera fasean bigarren geratu ginen, eta aurtengo helburua gauzatzea izango da, taldea ondo ikusten dut, eta aurten posible ikusten dut igoera».
Erregional Ohorezko Mailan, Pasaia-Hernani
Bi aurrenekoen lehia ikusteko aukera izango da gaur Don Bosco zelaian, Hernani, liderrak, Pasaia bigarrenaren kontra jokatuko baitu. Hiru punturen aldea dute sailkapenean, 25 eta 22 puntu dituzte, hurrenez hurren. Hortaz, Hernanik irabazten badu, lidertzan bakarrik jarraituko du; galduz gero ordea, 25 puntura berdinduta geratuko dira bi taldeak. Partidua arratsaldeko 16:30etan jokatuko da.