Hernanin 34 pertsona atenditu dira 2010ean, tratu txarrak direla medio. Laguntza juridikoa eskatu dutenak 9 dira. Laguntza psikologikoa 29k eskatu dute (horietatik 3, haurrak). 20 pertsonek jarri dute salaketa. 14k dute aldentze neurria emana. 12k ez dute salaketa jarri nahi izan. Ongintzako Gizarte Zerbitzuek emandako datuak dira.
Atzo kontzentrazioa,
Plaza Berrin
Hernaniko hiru taldek deituta, kontzentrazioan bildu ziren atzo Hernaniko herritarrak. Emakumeen aurkako biolentzia salatzeko eguna zen atzo, azaroak 25, eta Berdintasun Kontseiluak deitu zuen kontzentrazioa, Txoko Feminista eta Hernaniko Udalarekin batera. Atzo Udal Plenoa izan zen eta adierazpen bateratua onartu zen, gai honen ingurukoa.
‘Nagore’ pelikula gaur, eta aholkuak gazteentzat
Nagore Laffageren kasua ezaguna da. Iruñearra zen Laffage eta bera hil zuen mutila aske utzi zuen epaileak. Kasu hori aztertzen du Nagore dokumentalak, eta gaur, Hernanin emango dute, 20:00etan, Biterin. Zuzendaria: Helena Taberna.
Horrez gain, gazteei aholkuak emateko postu bat jarriko dute Biterin, 17:00etatik 20:00etara. Plax! Aholkularitza zerbitzuak jarriko du postua, HarremONAK taldeak jarriko duena. Helburua da, gaiari buruz gazteekin hitz egitea; egoera horretan dagoen norbait izan, ingurukoren bat...
Beldur Barik jaialdia, Bilbon
Jaialdi bat antolatu dute Bilbon, larunbatean, eta hara joateko gonbitea egin du Hernaniko Berdintasun Kontseiluak. Zabalguneko azokan egingo dute jaia, egun osokoa. Informazio gehiago: www.beldurbarik.org.
Hernaniko ikastetxeetan, urte osoko egitasmoa
Gazteekin gai honi buruz jarduteko, egitasmo bat egiten ari dira urte osoan, HarremONAk izenekoa. Hernaniko ikastetxeetan ari dira lanean, 2011ko ekaina bitartean: tratu onaren aldeko jarrerak indartu nahi dituzte, sexismoa eta emakumeen aurkako tratu txarrei aurre egiteko.
Adierazpen
instituzionala*
Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, azken urteotan funtsezko aldaketa bat izan da; izan ere, zenbait emakumek jasandako tragedia pertsonal gisa eta, beraz, tragedia pribatu gisa hartua izatetik, drama sozial legez identifikatzera igaro da, giza eskubideen urraketa onartezina.Pixkanaka ulertzen ari da emakumeen aurkako indarkeria emakumeen desberdintasunean oinarritutako ordena sozial baten adierazpena dela; horrek, izan ere, paper desberdinak esleitzen dizkie pertsonei sexuaren arabera, eta emakumezkoa denari balioa kendu eta gizonezkoenaren azpian jartzen du.
Beraz, udal mailako gobernuok ere argi izan behar dugu, emakumeenganako indarkeria saihestu nahi badugu, aurrera egin behar dugula emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz.
Baina, aldi berean, tokiko esparrutik, eraginkortasunez lagundu behar diegu etxean tratu txarrak, sexu erasoak edo indarkeria sexistaren beste edozein era jasaten dituzten emakumeei. Zentzu horretan, uste dugu ezin dugula bakoitzak bere aldetik eta modu partzialean jardun egiturazkoa eta dimentsio askotakoa den fenomeno baten aurrean; izan ere, jarrera sendoa hartu behar da eta agerian utzi behar da arazo honen garrantziak erantzun instituzional eta sozial oso eta koordinatua eskatzen duela.
Horren guztiaren jakitun, Udal honek:
Bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika
aktibo, oso eta koordinatua garatzeko KONPROMISOA HARTZEN DU.
(*) Hernaniko Udalak atzo onartua, Plenoan, aho batez