hernaniko emakumeek sexualitateaz hitz egiteko aukera izango dute ostiral eta larunbatean, «nahi dutena, eta nahi duteneraino», hala adierazi dio Kronikari Kotte Susperregik «garrantzitsuena aukera izatea eta aprobetxatzea da». Udal Berdintasun Sailak antolatutako Jabetze Eskolen barruan, Emakumeak eta sexualitatea ikastaroa izango da ostiralean eta larunbatean, Kotte Susperregi irakaslearekin. Ikastaroaren helburua da emakumeei aukera zabaltzea sexualitatea ahalik eta ondoen bizitzeko: «ikastaroan gure artean hitz egiteak eta gure bizipenei erabilera emateak, pisu haundia izango du. Borobil batean bildu, eta zein jarrera izan daitekeen interesgarria aztertuko dugu, eta aldaketaren bat eman behar izanez gero, aldaketa horiek nola landu ere ikasiko dugu. Nondik gatozen eta nora iritsi nahi dugun jakitea da inportantea, mugak, beldurrak eta abarrak gaindituz».
«Nerabezarotik aurrera, moral sexuala aldatu
egiten da»
Susperregik moral sexuala nola aldatzen den azalduko du ikastaroan, dioenez, jaiotzean, naturaltasuna, jakinmina eta plazerra bilatzea nagusi izaten dira. Nerabezarora iristean ordea, jendearen moral sexuala aldatu egiten da, eta norberak aurre egin behar izaten die bere muga, lotsa, beldur eta abarrei. Horrez gain, sozialki transmititzen den eredu genital eta falokratikoaz ere arituko da, «sozialki zakilaren boterean oinarritutako eredua transmititzen digute, eta honek eragin edo pertzepzio ezberdina du gizon eta emakumeetan».
Bi egunetan joanez gero,
deskontua
Bi egunak batuta, ikastaroak 12 orduko iraupena izango du: ostiralean arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara izango da, eta larunbatean goiz eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Euskaraz izango da, eta matrikula egiteak 42 euro balio du. Hala ere, %80ko asistentzia duten ikasleei 30 euro itzuliko zaizkie, hortaz 12 euroko kostua izango du.
Izena emateko hiru bide daude: Udal Berdintasun Sailetik pasata (Sandiusterri, 1), 943 33 70 17/943 33 68 02 telefonoetara deituta, edo irantzu-j@hernani.net helbide elektronikora idatzita. Izena emateko epea bihar bukatuko da.