Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako 56 argazkilari elkartu ziren larunbateko topaketan, Villa Ave Marian

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 16a, 01:00

Hernaniko Foto Forum argazkilari elkarteak antolatuta, Euskal Herriko argazkilarien topaketa izan zen larunbatean Hernanin. Herri ezberdinetako argazkilariak, 56 guztira, bildu ziren Villa Ave Marian, egiten ari diren lana zabaldu eta ezagutzak trukatzeko asmoz. Goizean, lanak erakutsi eta azalduko zituzten hiru argazkilarien aurkezpena egin zuten, Agustin Busselo, Nagore Legarreta eta Alberto Gagorena. Ondoren, Chillida-Lekura joan ziren, museoa ikusi eta argazkiak ateratzera. Alorrenea sagar­dotegian bazkaldu ostean, Villa Ave Mariara itzuli, eta hiru argazkilariek euren azalpenak eman zituzten. Agustin Busselo Makrofotografiaz aritu zen, hau da, gauza txikiak, intsektu eta loreak esaterako, haundituta ateratzeaz; gertuko irudietaz. Nagore Legarretak eta Alberto Gagok berriz, Argazkilaritza Estenopeikoarekin egiten ari diren lana erakutsi eta azaldu zuten; zapata kaja edo latazko poteekin ateratzen dituzten argazkietaz.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!