Saharako herrian azken asteetan gertatutakoa salatzeko, eta Saharari elkartasuna adierazteko bi mozio onartu zituen astelehenean, Giza Eskubide Batzordeak, horietako bat Frente Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzak aurkeztutakoa. Duela zenbait aste, milaka saharar, Mendebaldeko Saharan okupatutako hirietatik atera eta protesta kanpalekuak antolatzen hasi ziren. Kanpaleku horien helburua manifestatzeko eta adierazpen askatasuna izateko aukera edukitzea zen. Udalaren mozioan adierazten dutenez, iristen diren berrien arabera, kanpaleku horiek Marokoko poliziaz inguratuta daude, eta ez diete ibilgailuei kanpalekuetara sartzen uzten: «bertara sartzen direnak atxilotu egiten dituzte. Marokoko militarrek Saharako ekintzaileak tirokatu dituzte, gorpuak bahitu eta lurperatu egin dituzte. Horrez gain, Marokoko polizia eta armada Saharako kanpalekua husten ari dira, bertan dauden errefuxiatuen aurka indarkeria erabiliz. Azken berrien arabera, gutxienez Saharako 14 ekintzaile hil direla baieztatu dute». Mozioan azaltzen denez, Hayako Nazioarteko Justizia Auzitegiak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak emandako ebazpenek onartu egin dute saharar herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea: «Saharar herriak Nazio Batuen ebazpen guztiak bete ditu, eta erreferendum bidez bere etorkizuna erabakitzeko prest jarraitzen du. Marokok gatazka hori nazioarteko polikaren agendatik kanpo uztea lortu du, nazioarteko komunitatearen laguntzari esker, eta herri horren okupazioaren arduraduna den Espainiako Estatuaren pasibotasunari esker».
Udalak egindako
ebazpenak 9 puntu ditu
Besteak beste, hau guztia kontuan izanda, Udalak mozioan egindako ebazpena ondorengoa da:
1-Protesta baketsuan parte hartzeko okupatutako hirietatik irten ziren 20.000 sahararrei elkartasuna adieraztea, eta Marokok eta haren bazterketa politikak saharar herriaren giza eskubideen aurka egiten dituen urradura larriak salatzea.
2-Gure gaitzespenik handiena adieraztea Marokoko armadaren esku-hartzearen aurka; batez ere, azaroaren 8an, astelehena, egin zenaren aurka, bertan gutxienez 14 saharar hil baitzituzten
3-Marokoko agintariei manifestari baketsuen aurkako ekintza basatiak berehala amaitzeko eta saharar herriaren aurkako errepresio gero eta gogorragoa bukatzeko eskatzea.
4-Saharar herriari gure babes osoa adieraztea, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari gure eskuetan dagoen guztian laguntzeko konpromisoa berrestea.
5-Europar Batasunari Marokoko Erresumarekin duen Bazkide Akordioa bertan behera uzteko eskatzea, giza eskubideen 2. artikulua urratzen duelako.
6-Marokok nazioarteko legedia errespeta dezan eskatzea, bereziki autodeterminazio erreferenduma egitearen alde Nazio Batuek xedatutako ebazpenak, Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko prozesua amai dadin. Horren harira, indar okupatzailea, Maroko, autodeterminazio eskubide hori garatzera behar dezaten eskatzea .
7-Azken gertakariak ikusita, Udal honek Marokoko erakunde guztiekin dituen harremanak etetea erabaki duela adieraztea, eta herrialdean dauden Marokoko ordezkariei erabaki horren berri ematea. Halaber, Euskal Herriko hainbat erakunderi neurri berak har ditzaten eskatzea.
8-Herritarrei udaletxearen aurrean biltzeko dei egitea, ostiralean, 12:00etan, Plazan.
9-Azken gertakariak ikusita, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari laguntzeko gure eskuetan dagoen guztia egingo dugula jakinaraztea.