Literatur solasaldiak egitasmoaren barruan, saio berezia izango da asteartean, EIZIE euskal itzultzaileen elkarteak eta Udal liburutegiak antolatuta. R. Carverren Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean liburua izango da hizketagai eta ohiko solasaldiaz gain, musikaz gozatu eta Koro Navarro liburuaren itzultzailearekin hitz egiteko aukera izango da, Udaletxeko Areto Nagusian, 19:30etan. Idoia Noble EIZIEko kidea eta Raquel Gonzalez Liburutegiko arduradunaren arabera, solasaldiak beti dira irekiak, hau da, edonork hartu dezake parte baita entzule bezala ere. Baina oraingo honetan, are irekiagoa izango dela diote eta herritar guztiei luzatzen diete gonbitea. «Izan ere, mantenduko da solasaldien ohiko dinamika, baina beste elementu batzuekin hornituta egongo da: musika, itzultzailea bera…».
‘Literatura unibertsala
bilduma’ sustatzeko
Literatura unibertsala bilduma izeneko proiektua sustatzeko asmoz jo zuen EIZIE elkarteak Hernaniko liburutegira. Proiektuaren 20garren urteurrena dela eta, sustapen lanetan dabiltza EIZIEko kideak eta Hernanin, literaturaren inguruan, dinamika jakin bat bazegoela bazekiten eta egokia iruditu zitzaien halako saio bat bertan probatzea. «Sekulako ilusioarekin hartu zuten, bai Raquelek eta baita Ane Mayozek ere (dinamizatzailea) eta modu erraz eta arinean hartu du bidea», dio Noblek. Gonzalezi berriz, euskerazko solasaldiei bultzada bat emateko aukera ezinhobea iruditu zitzaion.
Eredu gisa solasaldietan asko erabili den liburua
Saio berezirako Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean liburua aukeratu dute eta zergatiaz galdetuta, honakoa erantzun du Gonzalezek: «Liburu hau Literatura unibertsala bildumako aukeretako bat zen eta egokia izan zitekeela pentsatu nuen Anek ipuinak asko lantzen dituelako solasaldietan eta horietan askotan erabili duelako liburu hau eredu bezala. Anek ados zegoela esan zidan».
Musika, Joxan Goikoetxearen laguntzarekin
Musika aukeratzerako orduan, Musika Eskolara jo zuten eta bertan, Joxan Goikoetxea zuzendariak lagundu zien. Mireia Otzerinjauregik eta Sorkunde Idigorasek girotuko dute saioa. yy