Donostiara hiru bidegorri izango dira, Errekaldetik, Aietetik eta Loiolatik

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 14a, 01:00

Donostiara joateko 3 bidegorri izango ditu Hernanik, Eusko Jaurlaritzak esan duenez, Lurraldearen Zatiko Planean. Bat, Errekaldetik; bestea Aietetik; eta hirugarrena Astigarraga-Loiolatik. Garraio publikoari dagokionez, trenak eta autobusak txartel bakarra izatea oso posible da.

Hernanitik bidegorritik abiatu, eta Gipuzkoako herri nagusienetara iristeko aukera izango da, 15 urte baino lehen. Donostiara joateko hiru aukera izango dira: bat, Erre­kaldetik; bestea Aie­te­tik; eta hirugarrena Astiga­rra­­ga-Loio­latik. Urnie­tatik ba­rrena aukera izango da Andoain, Tolosa eta Goierrirai­no joateko; Asti­ga­­rratik baita ere, Oiartzunera, Errente­riara, edo Irunera; Ara­no­ko mugaraino ere bidegorria egitea proposatu du Eus­ko Jaurlaritzak Donostialdea­ko Lurraldearen Zatiko Plane­an. Garraio publikoari buruz ere proposamen batzuk egiten ditu Eusko Jaurlaritzak, plan ho­rretan; besteak beste, txartel bakarra erabiltzea, trena eta autobuserako. Eusko Jaurlari­tzak urrian aurkeztu zuen Donos­tial­dea­ko Lurraldearen Zatiko Plana, eta bertan erakusten du, 2025 urtera arte egingo diren obrarik nagusienak, Donos­tial­dea­ko lurraldean. 13 herri bil­tzen ditu plan horrek: hasi Usur­bil eta Andoainen, eta Iru­neraino. 376 km2-ko lur-ere­mua; 400.000 biz­tanle hartzen di­tue­na. Era­kusketan da­go Plan hori, azken erabakia emateko zain, Do­nos­tiako Aqua­rium­­­ean, azaroaren 20ra arte.

Gipuzkoa, bidegorriz lotua
Datozen 15 urteetan, posible izango da Hernanitik bidegorrian sar­tu eta Mutrikuraino joatea. Mu­tri­ku adibide bat da; izan liteke, Irun; edo Zaldibia. Be­deratzi bidegorri nagusi egiten hasiak dira horretarako (ikusi ondoko koadroa). Ondoko probintzietara ere bidegorrian joateko modua izango da: Biz­kaira, Mu­tri­ku­tik edo Eibartik; Ara­bara, Leintz-Gatzagatik; Nafa­­­rroa­ra, Leitzarandik (edo, onar­tzen bada, Hernani­tik); Lapur­dira, Behobiatik. Guztira, 424 km dira, eta da­goeneko eginak, 150 km in­gu­ru. Asko dago, beraz, egiteko; egia da, ordea, azken urteetan asko ari direla azkartzen lanak.

Bi bidegorri nagusi, Hernani ondotik
Hernani ondotik bi bide nagusi pasako dira: bat, Goie­rri­tik datorrena, Urnie­tan ba­rrena, eta Donos­tia­rai­no doana, Astiga­rra­ga-Loio­­latik. Bes­­­tea, Mutrikutik Do­nos­tiara doa­na (Zarautz, Orio, Usurbil), eta Erre­kal­detik pa­satzen de­na, Añor­gan barrena Antiguo­raino. Hernanik aukera izango du bi bide nagusi horietara iristeko, Eusko Jaurlaritzako Lu­rral­dearen Planean dioenez; eta hirugarren aukera bat ere izango da, Do­nos­tiara joan nahi duenarentzat: Aie­tetik ba­rrena joatea. Ga­la­rretara bidegorria iritsiko da Herna­niko kaxkotik, Cues­ta de la Muertetik ba­rrena. Ga­larretan bi aukera izango dira: Erre­kaldera joatea (Chillida-Lekun barrena), edo Aietera joatea (Estu­begiko aldapan barrena, Young Play). Oiartzun ere esku-eskura izango da (Astigarraga-Pe­ru­re­na...), eta beraz, baita Erren­te­ria, Irun, eta Hendaia ere. Eusko Jaurlaritzak dioenez, Aranoko mugaraino iri­tsi liteke bidegorria, 2025 urtea baino lehen. Horre­tarako, Ereñotzu­tik go­ra kilometro askoan egin beharko litzateke, bidegorria. Nondik eta nola, ez dute zehaztu.

Lehentasuna, oinezkoek
Bide horietan, lehentasuna oi­nezkoek izango dute. Oinez­koek eta gero, bizikletek. Gertatzen da, kasu batzuetan, kotxeak bide horretan sartu beharra; kasu horretan, oinezkoek eta bizikletek izango dute lehentasuna. Eusko Jaurlaritzak dioenez, bidegorri horiek ahalik eta leku erosoenetan egin be­har dira (lehentasunez, ibai-ertzetan edo leku ordeka xamarretan). Errepideak egiteari eman izan zaion garran­tzia eman beharko zaio, hemendik aurrera, bidegorri horiek egiteari.

Autobusa eta trena, txartel bakarrarekin
Joan den astean akordio ba­ten berri eman zuten Gipuzkoako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak. Ho­rren arabera, datorren urtean txartel bakarra erabili ahal izango da Lu­rraldebus, Ren­fe eta Eusko Tren erabil­tzeko. Tarifak berdindu egingo dira hiru garraiobide horietan, eta deskontuak eta bonifikazioak ere berdin apli­­­­ka­tuko zaizkie hala dagokien ko­lektiboei.

Horren arabera, berdin ordainduko da Beasainera trenez edo autobusez joatea. Eta gainera, transbordoak dohainik egingo dira.

Autobusari dagokionez, Hernanik linea gehiago izango ditu epe motzean. Usurbilera zuzenean joateko autobusa izango du laster, eta autobus gorri eta urdinak auzo gehiagotara
iritsiko dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!