Mendi elkartea Mendizale Astean murgilduta dago eta herenegun, Umeen Eguna ospatu zuten. Marsel magoa arduratu zen gaztetxoei zuzendutako eguna girotzeaz. Biteri betean, sekulako emanaldia eman zuen eta haurrak ez ezik, helduak ere txundituta utzi zituen bere magiarekin. Barre mordoa ere egin zuten bertaratutakoek. Emanaldiaren ondoren, urtean zehar, txintxo-txintxo mendi-irteeretan parte hartu duten gaztetxoei dominak banatu zizkieten. Guztira, 28 izan ziren. Horrez gain, bihartik aurrera, egunero izango dira ekintzak Biterin. Bihar, esaterako, Shesheren herrialdean emanaldiarekin, Felipe Uriartek 7.105 metroko mendi batera eramango gaitu: Kirgizistaneko Lenin mendira.