sei bikote lehiatuko dira gaur hasi, eta abenduaren 18ra bitartean, Binakako Txapelketa Nagusiko txapelaren bila. Ostegunean aurkeztu zuten Binakako Txapelketa Nagusia Galarretan, 40garren edizioa, eta gaur jokatuko da aurreneko partidua, final laurdenetakoa. Oriamendi enpresako arduraduna, eta Azysa, aurtengo patrozinatzailearen arduraduna aritu ziren aurkezle lanetan, eta adierazi zutenez, parte hartuko duten sei bikoteak oso maila beretsukoak dira, hortaz, ez dago faborito nagusirik. Bi taldetan banatu dituzte bikoteak, eta txapelketak hiru fase izango ditu: final laurdenak, finalerdiak, eta finala. Txapelketa osoan zehar erremontistaren bat lesionatuko balitz, bikote hori zuzenean txapelketatik kanpo geratuko litzateke.
Zeberio IIak Ionekin
jokatuko du, eta Badiola lesionatuta dago
Zeberio IIa eta Badiolak irabazi zuten txapelketa joan den urtean, baina aurten ez dute elkarrekin jokatzeko aukerarik izango. Zeberio IIaren bikotea Ion izango da, eta Badiolak ezingo du parte hartu, lesionatuta baitago.
Ezkurra-Olazar/Juaristi-Lizaso, aurreneko partidua
Txapelketan egungo erremontista onenek hartuko dute parte. Final laurdenetako aurreneko partidua gaur jokatuko da Galarretan, Ezkurra eta Olazar eta Juaristi eta Lizasoren artekoa, 16:00etatik aurrera. Final laurdenetako partidu guztiak Galarretan jokatuko dira, astean bi: bat larunbatetan, eta bestea astearte edo ostegunetan. Finalerdietara, final laurdenetako lau bikote pasako dira, bi taldeetako bi onenak. Lau bikote onenen artean berdinketaren bat egongo balitz, finalerdietarako txartela puntu gehien lortu dituzten bikoteak lortuko lukete. Finalerdietako partiduak joan-etorrian jokatuko dira, Galarreta eta Euskal Jai Berri pelotalekuak tartekatuz. Kasu honetan, berdinketaren bat egongo balitz, hirugarren partidu bat jokatuko litzateke. Azkenik, final haundia txapelketako bi bikote onenen artean jokatuko da, abenduaren 18an. Sarrerei dagokienez, orain arte bezala, finala bitarteko sarrerak 15 euro balioko dute.
Patxi Zeberiok irabazi ditu
txapel gehien
Patxi Zeberio da Binakako Txapelketa gehien irabazi duen erremontista, sei aldiz. Final gehienetara iritsi dena berriz, Koteto Ezkurra da, zortzi jokatu ditu.