Muruatarrak, hiru generazio Behobia-Donostian

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 14a, 01:00

Muruatarren etxean atletismoa barru-barrutik bizi dute. Joxe Mari Murua Mendizabal, Aitor Murua Urdangarin eta Aitor Odriozola Murua, familiako hiru generazioetako ordezkariak hirugarren aldiz aterako dira elkarrekin gaur, Behobia-Donostian.

- Dani Llopis Irazusta -

«Atera nintzen lehenengo urtean 600 partehartzaile eskas ginen eta Gaintxurizketan trafikoa moztu ere ez zuten egiten. Perkins moto baten atzean joaten ginen... Gaur egun asko aldatu da». honela gogoratzen du Joxe Mari Muruak Behobia-Donostia egin zuen lehenengo aldia. 600 partehartzailetik 20.000­ra pasa da lasterketa, eta orain, horien artean, baditu per­tsona ezagun eta bereziak: semea eta biloba. Aitor Muruak, Joxe Ma­riren semeak, 16garren aldiz egingo du gaur Be­hobiatik Donostiara doan bidea. Oraindik urruti ditu aitak bukatu dituen 28 lasterketak, baina pixkanaka bidea egiten ari da. Aurtengo denboraldiko helburua Donostiako Ma­ratoia du, eta marka alde batera utzita, Behobia-Do­nostia lasterketako giroaz disfrutatzera abiatuko da gaur irteera puntutik: «lasterketa honek xarma berezia du animatzera doan jende guztiarengatik. Berezia da», dio Aitorrek. Hirugarren generaziokoa da Aitor Odrioziola Murua, familian atletismoaren zaletasunera gehitu den azkenekoa. Joxe Mariren ustez bilobak gaitasun berezia du kirol ho­netarako: «aitonak bezain bes­te entrenatuko balu, denbora oso onak lortuko lituzke».


Lehiakortasunik ez dute beraien artean
Hirugarren urtea da Aitor Odriozolak Behobia-Donostian parte hartzen duela, eta aitonak dioena egindako markekin erakusten du. Lehen parte hartzetik bigarrenera, 12 minututan hobetu zuen bere marka, helmugan Joxe Mariren aurretik gutxigatik sartuta, eta Juniorren sailkapenean 20garren postua eskuratuta. Hala ere, Aitor Muruaren esanetan ez dago pikerik beraien artean, «lasterketa honetan bakoitzak bere erritmoa eramateko aukera izaten du».


«Irteeran ikusten dugu elkar, gero gutxi»
Aurten, Behobia-Donostiako lasterketa da elkarrekin korrituko duten aurrenekoa. 10 kilometroko karrera herrikoi gehiagotan parte hartzen dute, Andoainen, Ergobian, Lasar­ten, eta abar. Baina aurten orain­dik ez dute elkarrekin parte hartzerik izan. Hala ere, irteeran bakarrik izaten dute elkar ikusteko aukera, gero bakoitzak bere erritmoa hartzen du, eta helmugaraino gu­txitan ikusten dira elkar. Entrenatzen ere gutxitan aritzen dira batera, bakoitzak bere kontura egiten du. Joxe Mariren entrenatzeko metodoak, lasterketa bera bezala, eboluzionatzen joan dira: «lehen ba­karrik entrenatzen nuen beti, la­netik atera eta zerbait bazkaldu ostean. Orain, entrenadorearekin eta talde haundi batekin ba­tera entrenatzen dut Anoe­tako Miniestadioan, eta askoz hobeto nabil. Nik behin ere ez nuen serierik egin eta kostatu zait horretara ohitzea, gogorra da».


Behobia-Donostia, lasterketa berezia
Hirurentzat da berezia Beho­bia-Donostia lasterketa, «xar­ma berezia baitu». Baina ez beraientzat bakarrik, korrikalari gehienentzat ere hala da. Aitor Muruak dioenez, «jende askorentzat kalendarioko helburu nagusia bihurtu da. Baina ibilbidea korrikalariarentzat ez da polita, aldapa asko ditu, gorabeherak... oso zaila da erritmo egokia hartzea. Halere, jendeak ilusio berezia izaten du Behobia-Donostiako aurreko hilabeteetan, eta herri mailan jende gehiago nabari da entrenatzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!