- Dani Llopis Irazusta -
Behobia-Donostia lasterketaren 46garren edizioa izango da gaurkoan, korrikalari herrikoientzat egutegiko lasterketarik garrantzitsuena dena, ziur aski. Karrera hau berezi bihurtzen duena parte hartzaile kopurua da, eta baita ibilbide osoan zehar hauek animatzeko biltzen den ikusle mordoa ere. Urteroko giroaz gain, eguraldia lagun izatea espero da, gutxienez ez izatea lehengo urtean bezain txarra. Iazko edizioan 20 kilometroko ibilbide gora-beheratsuaz gain, eguraldiaren kontra borrokatu behar izan zuten korrikalariek, euri, haize eta kazkabar artean.
20.481 partehartzaile,
141 hernaniarrak
Partehartzaile kopuruak gora egin du berriz ere aurten. Guztira 20.481 izango dira, hauek dira Behobiako irteeran egoteko izena eman dutenak, horietatik 141 hernaniarrak. Hernaniarren kopuruak beraz, behera egingo du aurten, lehengo urtean 182 izan baitziren Behobiatik Donostiara bidean irten zirenak.
Hernaniarrak denbora luzean aritu dira lasterketa prestatzen. Azken hilabeteetan oso nabaria izan da Hernaniko kaleetan korrikalarien presentzia. Antolatzaileek urtero gogorarazten dute nolako garrantzia duen lasterketa ondo prestatzeak, izan ere, maratoi erdi batean parte hartzeak gutxieneko kondizio fisiko batzuk exigitzen baititu. Gainera, Behobia-Donostiak duen ibilbide gora-beheratsuak, arlo fisikoan, exigentzia maila asko igotzen du.
Korrikalarien irteera,
11:00etatik aurrera
Azken urteetan bezala, parte hartzaile kopurua dela eta, C.D. Fortunako antolatzaileek irteerak multzoka antolatu dituzte, korrikalari guztien irteera ahalik eta biziena izan dadin. Multzoak korrikalariek beste frogaren batean akreditatutako denboren arabera antolatu dituzte. Guztira hamaika irteera egingo dira Behobian, 11:00etan hasi eta 11:34ra bitartean.
Gurpildun aulkian dauden atletek ere aukera izango dute Behobia-Donostiaren 46garren edizioan parte hartzeko. Irteera goizeko 10:20etan egingo dute.
Patinatzaileek lehenengo aldiz aurten hartu ahal izango dute parte lasterketan; 10:40etan abiatuko dira Behobiako irteeratik.
Ohiko ibilbidean, Gaintxurizketa eta Mirakruz oztopo nagusiak
Ibilbidea azken urteetako berdina izango da eta Gaintxurizketa eta Mirakruz gainak izango dira korrikalariek aurkituko dituzten oztopo nagusiak. Irteera laua da eta malda pare baten ostean aurkituko dute Gaintxurizketa. 1,8 kilometroko luzera du gainak eta komenigarria izaten omen da mendatea igo arte erritmoa gehiegi ez bizkortzea.
Gaintxurizketa pasata, Lezorako bidea hartuko dute korrikalariek. Gorabehera askoko tramoa izaki, zirkuituko tranpa nagusia dela esan liteke. Bukaeran, 16garren kilometroan, Mirakruz gaina igoko dute partehartzaileek. Kilometro bateko luzera du maldak eta hau igarota, desnibela aldatu egingo da; azken hiru kilometroak maldan behera edo ibilbide lauagoan egingo dituzte atletek.
Ategorrieta, Gros eta Zurriolan barrena egingo dute Bulebarreko helmugarainoko bidea. Azken kilometro hauetan biltzen da ikusle gehien eta hauen animo artean egiten dituzte azken kilometroak korrikalariek.
Gizonezkoetan, Rafa Iglesias eta Chema Martinez faborito
Nahiz eta izaera herrikoiagatik nabarmendu, konpetizioa ere bada Behobia-Donostia lasterketan. Iazko garailea, Rafa Iglesias salamankarra, berriz ere, lasterketa irabazteko asmoz etorri da Gipuzkoara. Bere arerio nagusia Chema Martinez madrildarra izango da. Bulebarrean irabazlearen txapela lau aldiz jantzi arren, lehengo urteko edizioan bigarren sailkatu zen madrildarra, Iglesiasen atzetik. Hortaz, bosgarren txapela jarraian irabaztearen arantzarekin bueltatu zen Madrilera. Aurten indartsu datorrela adierazi du Chema Martinezek eta irabazteaz gain, 1996tik indarrean dagoen Behobia-Donostiako errekorra hausteko intentzioa ere azaldu du.
Emakumezkoetan lasterketak Etiopiako esentzia izango duela dirudi. Enun eta Gebreselassie etiopiarrak indartsu azaldu dira azken hilabeteetan Gipuzkoan izan diren lasterketetan, eta Behobia-Donostian ere beraien legea inposatuko dutela dirudi.