San Marko Mankomunitatearen arabera, Garberako garbigunea apirilaren 22an martxan jarri zenetik, 1.599 hernaniarrek erabili dute. Guztira, San Marko Mankomunitatearen garbigune horretara 11.500 erabiltzaile gerturatu dira, egunero bataz beste, ia 100, eta hernaniarrak dira, donostiarren atzetik, garbigunea gehien erabiltzen duten herritarrak. Donostiarrak 7.664 dira (%66,41); hernaniarrak 1.599 (13,85); errenteriarrak 948 (%8,21); pasaitarrak 270 (%2,34); eta Astigarragakoak 196 (%1,70). Hondakin kopuruari dagokionez, hilero 140.000 kilo inguru hondakin eraman ohi direla dio San Markok eta garbiguneak arrakasta itzela lortu duela azpimarratu du. Datu gehiago ere eman ditu 6 hilabeteotan eraman diren hondakinei dagokienez. Gehiena eskonbroa da, 370.550 kilo (%44,07); ondoren egurra, 160.960 kilo (%19,14); eta azkenik tresna elektrikoak, 113.110 kilo (%13,45).
Lau garbigune
datorren urterako
San Markok aurreratu duenez, «Garberako garbigunearen arrakastari segida emateko», beste lau garbigune proiektutan lanean ari da, datorren urtean inauguratzeko asmoz.
Garbiguneko ordutegia
Garberako garbigunea asteartetik ostiralera zabalik dago honako ordutegian: 10:00-13:00 eta 15:00-20:00. Larunbatetan, berriz, 10:00-14:00 eta 16:00-20:00. Igande, jaiegun eta astelehenetan itxita dago.