Hernaniko Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatuak martxan jarriko du gutxi barru Kontsumo Arbitraje Batzordeari Merkataritza atxikitzeko kanpaina eta datozen egunetan, Hernaniko 476 merkatarik gutun bat jasoko dute. Bertan, Kontsumo Arbitraje Sistemaren abantailen, prozeduraren eta beste xehetasunen berri emango zaie. Atxikitzeko inprimakia ere izango dute. Horrez gain, KIUBeko (Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa) ikuskatzailearen bisita jasoko dute beraien establezimenduan, zalantzak argitzeko. Atxikitu nahi izanez gero, inprimakia KIUBeko bulegoan entregatu behar da (Sandiusterri, 1).
Sistema sinplea, azkarra, eraginkorra eta doakoa
Ongintzaren arabera, Kontsumo Arbitraje Sistema kontsumitzaileen eta merkatarien edo enpresen arteko gatazkak konpontzeko tresna da. Horrez gain jakinarazi du, sinplea eta azkarra dela, gatazka, gehienez ere sei hilabetetan ebatziko delako, justizia-auzitegietara jo gabe; eraginkorra dela, arbitraje-organoak inpartzialak direlako, eta nahitaez bete behar den ebazpena ematen dutelako (laudoa); eta doakoa dela bi aldeentzat.
Enpresek ospea eta kontsumitzaileek segurtasuna
Enpresentzako edo merkatarientzako abantailak ere badituela nabarmendu dute: «beren produktuei eta zerbitzuei kalitatezko elementu bat gehitzen diete; kontsumitzaileei segurtasun haundiagoa eskaintzen diete; bezeroaren konfiantza indartzen dute; ospea irabazten dute, enpresen lehiakortasunak gora egiten du; auzi luze eta garestiak saihesten dira...».