orain dela bi urte, Hernaniko natur-ondarearen azterketa bukatu zenetik, natura eta biodibertsitatea zaindu eta ezagutarazteko hainbat proiektu jarri dira martxan Hernanin. Azkena, Hernaniko landare mehatxatuen mikroerreserba-sarea. Ikerketa-lan horren arabera, Hernanin guztira, Europa mailan babestuta dauden 7 espezie mehatxatu daude. Orain arte 3 espezie soilik ezagutzen ziren, 4 gunetan. Gune berri gehiago ere aurkitu dira. Ikerketa-lana Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Sanz-Azkue biologo hernaniarrak, Ibai Olariagak eta UPV-EHUko Joserra Diezek egin dute. Bi urteko iraupena izan du ikerketak. Batez ere, errekei loturiko landare mehatxatuekin egin dute lana.
117 azpipopulazio
Zerrenda gorriko 7 espezieak honakoak dira: Hymenophyllum tunbrigense, Dryopteris aemula, Trichomanes speciosum, Prunus lusitanica, Soldanella villosa, Stegnogramma pozoi eta Veratrum album. Espezie horietarako, guztira, 117 azpipopulazio kartografiatu dira eta eskualde mailan ez ezik, Iberiar Penintsulan ere gunerik garrantzitsuenetarikoa da Hernani. Orain, Udalaren asmoa da landare mehatxatu horien populazioak babestea, mikroerreserba sare bat eratuz eta udalerriaren arautegian barneratuz. Ikerketa horien dokumentu teknikoak, denbora gutxian, Udalaren web orrian eskuragarri izango dira.
Hitzaldia, Sanzen eskutik
Ereñotzuko Udazken Kulturalaren barruan, ikerketari buruzko hitzaldia emango du Iñaki Sanzek, asteazkenean 19:30etan, bertako Kultur Etxean. Horrez gain, argazki-erakusketa dago ikusgai Udazken Kulturaleko ekitaldi egunetan.