Orhipean jaiak izan duen alderdi tristeena larunbat goizaldean pasa zen. Ezezagun batzuk hiru posturi su eman zieten, eta kalte haundiak eragin dizkie hiru merkatariri.
José García Rodríguez Goye, extremeñoa da, Cacereseko De la Vera herrikoa. Larunbatean erre zuten postuetako bat berea zen, eta «ezer gabe», geratu dela adierazi dio Kronikari. 28 urte ditu, eta 8 daramazki azokaz azoka, extremadurako gazta eta enbutidoa saltzen. Orain ezer gabe dagoela dio, eta ez dakiela kolpe honi nola egingo dion aurre. Ate guztiak joko dituela adierazi dio Kronikari, «seguroak, Udala, ea jarraitzeko lain ateratzen dudan, behintzat».
Dena dela, hernaniarrei eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie Josek, eman dioten babesagatik. «Hernaniarrek adierazi didazuen babesak balio du, munduko urre guztiak baino gehiago. Etengabe etorri zait jendea, bi egunotan, babesa ematera. Dirua eman didazue, nerekin negar egin duzue... hernaniarrak nere bihotzean izango zerate beti. Gaur, emakume batek bere semea bezela tratatu nau; bere etxea utzi dit afeitatu eta dutxatzeko. Hernaniko Urbietako inprenta primeran portatu da nerekin. Eskerrak eman nahi dizkiet denei, eta nahi dut, konstantzia gera dadila, extremeño honek beti esango duela, hernaniarrak zoragarriak zaretela».