Berehalaxe hartu dio tankera jendeak Orhipean jaiari, eta asko izan dira postuak bixitatu eta mokadu bat eginez, bertan ibili direnak. Lehendabiziko aldiz egin da aurten Orhipean jaia Hernanin, eta antolatzaileak oso gustora daude jendearen erantzuna ikusita. Larunbata izan da egunik jendetsuena, eguerdi partetik bete egin baitira azokako postuak.
Ondo saldu dute merkatariek, eta gustora dira antolatzaileak; Txoria Txori eta Nabarralde. Helburua zen, euskal identitateari buruzko festa bat egitea, munduko merkatu-giro batean, munduko produktu eta kultura artean. Ekitaldi mordoxka bat ere antolatu dituzte, Nabarraldeko gunean, hitzaldi, kantu, antzerki...
Atzo euripean pasa zuten eguna, baina jendea ibili zela adierazi dute arduradunek.
Hitzaldiak, egunero
Garrantzia haundiena hitzaldiek izan dute Orhipean jaian. Atzo, Juan Martin Elexpuruk Iruñea-Veleiako euskerazko idatziei buruz esan zuen, bere ustez III-IV. mendekoak direla, eta hori iruzur bat dela esaten ari direnek ez dutela frogatu hala denik. Azken hitzaldia euskaldunen historiari buruzkoa izan zen. Koldo Mtz. Garate, Beñi Agirre, eta Angel Rekalde aritu ziren hizketan, lau hitz, lau ideia, edo lau kontzepturi buruz: Euskal Herria, Euskadi, Nafarroa eta Baskonia, zer dira?