Angel Olaran misiolari hernaniarrak Urrezko Domina jasoko du

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 7a, 01:00

Angel Olaranek bere bizitzaren zatirik haundiena Afrikan eman du, giza laguntzan. Eta egindako lan hori saritu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Abenduaren 23an jasoko du domina misiolari hernaniarrak.

Gipuzkoako Foru Al­dun­diak Angel Olaran misiolari hernaniarrari Urrezko Domi­na emango dio abenduaren 23an. Olaran Aita Zurien misiolaria da eta bere bizitzaren zatirik haundiena Afrikan eman du, giza laguntzan. Egindako lan hori saritu nahi du Aldundiak.

Hogei urtez Tanzanian egon ostean, Ipar Etiopiara joan zen Olaran, Tigrayko eskualdera, Eritreako mugan; eta egun, bertan bizi da, Wukro izeneko herrian.

Umezurtz proiektua Wukron
Olaranek hainbat proiektu eta ekimen jarri ditu martxan behar dutenei laguntza emateko eta horietako bat da Wu­kroko umezurtzen proiektua. Bertan, orain dela 10 urte hasi zen lanean Olaran, oso baliabide urriekin, eta ordutik hona, elkarte eta pertsona ugari elkartu zaizkio proiektuari.
Proiektuaren helburuak di­ra: umezurtzei beharrezko la­guntza ematea, Hiesaren prebentzioan murgildu eta gaixotasuna dutenei lagun­tzea, laguntza ematea kalean bizi direnei, landa eta hiri garapeneko jarduerak antolatzea...

Saint Mary ikastetxea
Angel Olaranek sortutako proiektuen artean nabarmen­tzekoa da baita ere, Wukroko Saint Mary ikastetxea. Bertan, Wukroko 350 ikasle biltzen ditu eta bere kargura ditu bai­ta ere, inguruko beste 2.400 haur. Berak emandako lagun­tzatik bizi dira guztiz.
Oinarrizko hezkuntzaz gain, ikastetxeak beste era askotako ikasketak eskain­tzen ditu, hala nola, soldadura, elektrizitatea, nekazaritza, merkataritza, jantzigintza...

Hiesa eta tuberkulosia
dutenei lagunduz

Hiesa eta tuberkulosia he­rrialde hartan oso zabalduta daudenez, misiolari hernaniarrak askotan hartu behar izaten ditu bere gain guraso eginkizunak, umezurtz gelditu di­ren haur eta gaztetxo askorekin. Halako familietan, anai-arreba zaharrenak zain­tzen di­tu gazteagoak, alokairuzko etxebizitzetan, Olaranek antolatutako programa bati esker.

Mikrokredituen sistema
Proiektu eta programa horiez gain, Olaranek mikrokreditu­en sistema antolatu du Wu­kron. Kreditu txikiak dira, gehienez pertsona bakoitzeko 1.000-1.500 bir bitartekoak (100-150 bat euro), negozioak finantza­tzeko dira: olioak, behiak edo barazkiak erosteko, tapizak sal­tzeko, janariak edo egurra es­kura­tze­ko... Mikro­kre­ditu gehie­­nak bi­deratzen zaizkie bakarrik diren ema­kume alargunei,  ama ez­kongabeei, edo prostitutei. In­for­mazio gehiago www.angelolaran.com helbidean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!