Donostialdean 40.000 etxebizitza berri egingo dira datozen 15 urteetan. Hori da Eusko Jaurlaritzak dioena, Donostialdeako Lurraldearen Zatiko Planean. Irunen, Pasaian eta Donostian bertan egingo da etxe gehiena. Donostian 16.000 egingo dira, eta Astigarragan eta Hernanin beste 4.500 inguru. Hiru herritan, 20.000 inguru; erdiak, babes ofizialekoak aurreikusi dituzte.
Gaur egun 176.000 etxebizitza ditu Donostialdea osoak (13 herri), eta 2025erako beste 40.000 egitea aurreikusten da. Horietatik 20.000 inguru, hiru herritan egingo dira: Donostian, Hernanin eta Astigarragan. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen joan den urriaren 22an Donostialdeako Zatiko Plana, eta bertan zehazten da, 13 herri horiek nola haziko diren datozen 15 urteetan. Etxebizitzak, azpiegiturak, industria, gune berdeak, garraioa... Plana erakusketan dago Donostiako Aquariumean azaroaren 20ra arte.
Urumea ertzean, 8.000
Donostiak Astigarragako mugaraino luzatuko du hiria, datozen 15 urteetan. Loiolan 1.540 etxebizitza egingo dira, kuartela lekuz aldatzen denean; eta Martutenen, 4.131 etxebizitza dijoaz Antondegiko mendian. Astigarragak ere 1.720 etxebezitza ditu egitekoak, Ergobiko erriberetan gehienak. Bertan AHTaren nazioarteko geltokia egingo dute eta haren inguruan aurreikusi dira etxebizitza gehienak. Hernanin, Floridan aurreikusi dira gehiena: 745 etxebizitza, guztira.
Eusko Jaurlaritzako baremoen gainetik haziko dira Donostialdeako herri gehienak. Jaurlaritzak dioenez, 4,93 etxebizitza egin beharko lirateke urtean, 1.000 biztanleko. Horren arabera, 15 urtean Hernanin 1.480 etxebizitza egin beharko lirateke; Donostian 13.500; eta Astigarragan 350.
%50 babes ofizialekoak
Aurreko urteetatik gehien aldatu den puntua da, babes ofizialeko politika aldatu egingo dela. %50 inguru babes ofizialeko etxeak izango dira, Donostian, Hernanin eta Astigarragan. Hernanik izango ditu proportzioan babes ofizialeko etxe gehien. Guztira 1.400 inguru, proiektu nagusienetan.
Herri-guneen dentsitatea, 68 etxebizitza hektareako
Donostialdeako 13 herriak kontuan hartuta, 176.000 etxebizitza daude gaur egun. 5.000 landa eremuetan daude; gainerako 171.000 hiri-guneetan. Hiri edo herri-guneetako dentsitatea da, 68 etxebizitza hektarea bakoitzeko; oso indize onargarria, Eusko Jaurlaritzak dioenez. yy