IRUÑA-Veleiari buruz ariko dira gaur Tilosetan, 12:00etan, Orhipean jaiaren barruan. Hainbeste hauts harrotu dituen gaia da Iruña-Veleiakoa (Araba), bertan, lur azpian aurkitu baitzituzten idatzi zahar batzuk, euskeraz, III-IV mendekoak izan litezkeenak. Egiazkoak diren, faltsuak ote diren, eztabaida piztu duen gaia da, eta gaur horri buruz hitz egingo du Juan Martin Elexpuru euskal filologiako katedradunak. Hiru eguneko azokak azken eguna du gaur. Artisauen postuak eta postu gastronomikoak goizetik irekita egongo dira, 10:30etatik aurrera. Galiziako jana, Kataluiniakoa, Kebab-a, teteria, euskal produktuak... jende dezente bilduko dute gaur ere, atzoko gisan.
Bi hitzaldi goizez, hitzaldia eta antzerkia arratsaldez
Azokarekin batera, hitzaldiak eta antzerkia izango dira gaur; euskaldunen historiari buruz ariko dira gaur, hiru hitzalditan. Lehendabizikoa hernaniar batek emango du; Beñi Agirre ariko da, 1512ko Nafarroaren Konkistari buruz, goizeko 11:00etan. Eguerdiko 12:00etan Iruña-Veleiako polemikari buruz ariko da, Juan Martin Elexpuru aditua. Eta arratsaldeko 18:30etan, festari bukaera emateko, azken hitzaldia emango dute hiru adituk: Koldo Mtz. Garate, Beñi Agirre, eta Angel Rekalde: Euskal Herria, Euskadi, Nafarroa eta Baskonia kontzeptuak.
Antzerkia izango da, arratsaldeko 16:30etan, Kukubiltxo taldearen eskutik: Txirrikiz.
«Hernaniko fusilamenduak orain dela 74 urte izan ziren»
Atzo izan zen ekitaldi nagusia, Orhipean jaiarena. Bertan, memoria historikoari buruz aritu ziren, eta frankismo garaiko gertaerak argitu egin behar direla eta administrazioaren laguntza beharrezkoa dela esan zuten. Marian Beitialarrangoitia Alkateak adierazi zuen, besteak beste, Hernaniko fusilamentuak orain dela 74 urte izan zirela, eta datorren urtean horren inguruan zerbait egiteko asmoa duela Udalak, 75garren urteurrenean.
Hiru postu erre, goizaldean
Larunbat goizaldean, 03:00ak aldera, azokako hiru postuk su hartu zuten Tilosetan, eta suhiltzaileek itzali behar izan zituzten. Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertan izan ziren. Kronikari adierazi diotenez, ez dago garbi inork nahita piztu zuen sua, eta ez da ikerketarik irekiko. Orhipean ekitaldiko antolatzaileak minduta daude gertaerekin, eta elkartasuna erakutsi die kaltetuak izan diren guztiei.
ORHIPEAN EGITARAUA
Tilosetan
Azaroak 7 - Igandea
10:30 Azoka. Artisautza eta elikagaiak.
11:00 Memoria Historikoa. Hitzaldia. 1512 Nafarroaren Konkista. Beñi Agirre.
12:00 Gure Herria. Hitzaldia. Iruñea-Veleia, gezurra ala egia? Juan Martin Elexpuru.
16:30 Antzerkia. Txirrikiz. Kukubiltxo Antzerki Taldea.
18:30 Memoria Historikoa. Hitzaldia. Euskal Herria, Euskadi, Nafarroa eta Baskonia kontzeptuak. Koldo Mtz. Garate, Beñi Agirre, Angel Rekalde.