«Gure betiko ametsa izan da Realak emakumeen taldea izatea»

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 6a, 01:00

Garbiñe Etxeberria hernaniarrak bizitza oso bat eskaini dio emakumezkoen futbolari. Oiartzunen jokatzen eta entrenatzen hasi ondoren, gaur egun Realeko emakumezkoen taldeko koordinatzailea da. Gaur egun, Emaku­mez­koen futbolaren sustapenaren eta honen harrobia garatzearen emaitzak ikusten ari gara. Ondorio nagusia Realak duen Superligako taldearen maila da, eta horretan garrantzia haundia izan du hernaniarrak.

Nola eman zenituen lehenengo pausuak futbolaren munduan? Ikastolan hasi nintzen futbolean jokatzen Donostian, bertan ikasten bainuen. Uste dut gure belaunaldian hasi zela neskek futbolean jokatzeko aukera eta hondartzan eta areto futbolean hasi nintzen Santo Tomas Lizeoarekin.

Futbol federatura saltoa urte batzuk geroago emango zenuen Oiartzunekin. Noiz arte jokatu zenuen bertan?
Oiartzunera joateko aukera ikastolaren ondoren agertu zen. Garai horretan Oiar­tzunek emakumezkoen talderik sendoenetakoa zuen Añor­garekin batera. Ni hernaniarra izanda arraroa egiten zitzaien batzuei Oiar­tzunera joatea Añorga hor edukita. Horrela suertatu zen, eta aukera aprobetxatu nuen. 17 urte nituela izan zen hori eta beti Oiartzunekin jokatu dut. 30 urte ingururekin utzi nion jokatzeari baina azkeneko urteetan entrena­tzaile lanetan ere hasi nin­tzen. Oiartzuneko neska ba­tzuk entrenatzen hasi nin­tzen, futbol jokalari moduan azken denboraldietan ari nintzen bitartean. Hondar­tza­­ko taldea entrenatu nuen hasieran, gero Territorial mailakoa eta azkenean, Nazional mailakoa hartu nuen nere kargu.


2004ean, Realaren proiektuan sartu zinen bete-betean.
Bai, 2004ean sortu zen aukera hori eta Realetik deia jaso nuen proiektuan sartzeko. Hasieran, buelta dexente eman nizkion ideiari, Oiartzunen hainbeste denbora pasa eta gero zaila egiten zi­tzaidalako taldea uztea. Dei hori jasotzea shock baten modukoa izan zen, azkenean, gure betiko ametsa izan delako Realak emakumezkoen taldea edukitzea. Iñigo Domin­guezekin batera hartu nuen taldea sortzeko ardura eta 100 jokalari inguru pasa ziren Zubietatik, taldearen aukeraketa egiteko. Beste entrena­tzaileek eta ikuska­tzaileek ere lagundu ziguten jokalariak aukeratzen eta 19 jokalari aukeratuta sortu zen Realeko emakumezkoen taldea.


Athletic izan da Ema­kumezkoen Superliga sortu zenetik zeresan haundiena eman zuen euskal taldea. Hala ere zuek taldea sortzerako orduan oso bestelako eredua erabili zenuten, ezta?
Hori da. esan behar da lehenik eta behin Gipuzkoako emakumezkoen futbola oso famatua eta ona izan dela urte askotan. Bilbotarrek ez dute ezer asmatu, egia delako asko zor diegula propaganda asko eta sona handia eman diotelako nesken futbolari. Baina aurretik ere bazegoen emakumezkoen futbola eta Gipuzkoan talde oso-oso onak zeuden. Athleticek Leioa taldea hartu zuen, hasieran Sondika zena, eta izena eta infraestruktura eman zion. Guk bide zailagoa aukeratu genuen, denbora gehiago behar izan duena. Zerotik hasi eta talde hori sortu, konjuntatu, hobetuarazi... eta abar. egin genituen. Beheko mailetatik hasi ginen konpetitzen, lehenengo Pro­bintzialean jokatu genuen eta erraz irabazi eta mailaz igo ginen. Gero Nazionalean ere erraz ibili ginen eta igoera jokatzeko eskubidea lortu ondoren bigarren bezala igo ginen Superligara.


Gaur egunean entrenatzeari utzi eta koordinatzaile lanetan zabil­tza. Zertan datza hori?
Koordinatzaile lanak alor asko okupatzen ditu, jokalariengandik hurbil egotea behar dituzten aholku eta gomendioekin, negoziatu beharreko gauzak negozia­tzea, kontseiluarekin edo klubaren beste adarrekin harremanak mantentzea, federazioekin edo beste klubekin ere harremanak indar­tzea,...etab. Hau da, taldearen inguruan dauden gauzak ahalik eta hobekien egotea da nire lana. Koordinazioa hitz batean. Hala ere, oraindik taldearen dinamikaren barruan jarraitzen dut. Delegatu lana egiten dut eta bidaietara joaten naiz taldearekin. Gainera teknifikazio entrenamenduetan ere parte hartzen dut, probintziako jokalari gazteak trebatzeko egiten ditugunak.


Gaur egunean taldeak dagoeneko bere lekua hartu du Superligan. Zein dira taldearen helburuak aurten?
Bai. Superligako lehenengo urteak zail samarrak izan ziren taldeak eta jokalariek bere denbora behar dutelako kategoria berri batera iristen direnean. Ezinezkoa da behetik datorren jokalari bat dagoen mailarik gorenean jartzea eta berehala errendimendu ona ematea, jokalari bakoitzak bere denbora behar du. Azkenean denborak arrazoia eman digu; pazientziari eta ondo egindako lanari esker, iritsi gara gauden tokira. Helburuen inguruan, gaur egunean gure multzoko lider gara eta helburu hurbilena horri eustea da, gure multzoan superligan historia egin duten talde asko daudelako. Prainsa, Lagunak edo Athletic bezalako taldeek, historial aparta dute Superligaren historian eta beraien aurretik egotea izugarria da. Helburua, beraz, oraingo postua mantentzea eta bigarren faserako sailkatzea da, estatuko onenekin lehiatzeko.


Hernaniko jokalaririk izan duzue taldean?
Oraindik jokalari hernaniarrik ez dugu izan Realean, baina zain gaude. Badatoz batzuk maila eman dezaketenak.


Harrobia ondo lantzen ari dira Hernani bezalako taldeek?
Hernanin gutxi gora behera 10 bat urte badira territorial mailako taldea atera zutela eta lanak ondo egin dituzte orain arte. Eskoletan aritzen direnez eta Territorialean daudenez gain, infantil eta kadete mailako taldeak ere badauzkate, beraz oso ondo. Toki askotan ari dira lan ona egiten. Realaren izenarekin, jokalariek badute erreferentzia bat. Ondorioz, futbola gustoko baduzu eta Reala zure taldea bada, badakizu aukera hori daukazula eta geroz eta neska gehiago animatzen da futbolera. Azken finean estamentu guztietan lan hona egiten ari garela uste dut. Emakumezkoen futbolean lehen ez zegoen eskailera sor­tzea lortu dugu. Lehenengo eskoletan hasten dira futbolean, gero infantiletara pasatzen dira, kadeteetara, jubeniletara, eta azkenik seniorretan maila territoriala eta nazionala dauzkate Superligan jokatzeko aukerara iritsi baino lehen. Izugarrizko eskailera sortu da eta orain pausuak progresiboki eman ditzake jokalariak. Lehen, gorengo mailetara iristen ziren, soilik futbola izugarri gustoko zutenak, edo jokoan oso onak zirenak. Neskatxa oso gazteak, 14-15 urtetakoak, 25 urteko neskekin konpartitzen zuten aldagela eta taldea; mailaz goizegi igo­tzearekin, futbolariaren pausuak oso azkar ematen ziren, eta horren ondorioz, desilusio haundiak sortzen ziren, eta jen­deak atzera egiten zuen. Orain aipatutako eskailera horrekin, asko aldatu dira gauzak eta neskek erraztasun haundiak di­tuzte futbolean jokatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!