Abendua gainean denez, eta horrekin batera Gabonak, adinekoei zuzendutako aldi baterako egonaldiak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitzetan; baita Ongintzan ere. Zehazki, adineko menpeko pertsonei zuzendua da, eta helburua da, zerbitzu honen bitartez egoitza batean bizitzeko aukera ematea etxean bizi ohi diren adineko menpeko pertsona horiei, hainbat arrazoi direla-eta denboraldi jakin batez etxean bizi ezin dutelako. Horretarako, hiru baldintza bete behar dituzte: adineko menpeko pertsonatzat hartzea, indarrean dagoen araudiaren arabera; Gipuzkoan erroldatua egotea; eta etxean bizitzen jarraitzeko behar duen aldi baterako laguntzarik ez izatea. Egonaldiak, hamabostaldikoak edo hilabetekoak izan daitezke.
Aurkeztu beharreko lau dokumentu
Eskaera egiteko lau dokumentu aurkeztu behar dira: eredu ofizialeko eskaera orria; eskatzaileen nortasun agiriaren fotokopia; eskatzailearen eta bere famili unitatearen diru sarreren egiaztagiria; eta medikuaren txosten eguneratua (diagnostikoa eta tratamendua barne). Hernanin, Ongintzan egin behar da eskaera. Ordaindu beharrekoa, eskatzailearen diru sarreren araberakoa izango da: 14 euro edo 22 euro.
Lehentasuna, urtean zehar egonaldirik egin ez dutenek
Hamabostaldiko eta hilabeteko egonaldiak egiteko eskaerak azaroaren 22a baino lehen egin behar dira. Hamabostaldiko eskaerak bakarrik egiteko, azaroaren 30a da azken eguna. Epez kanpo jasotzen diren eskaerei plaza emango zaie leku libreak geratzen diren neurrian. Eskaeren kopurua libre dauden plazen kopurua baino haundiagoa bada, lehentasuna emango zaie urtean zehar aldi baterako egonaldirik egin ez dutenei.