Tiloseta itxuraldatu egin da asteburu honetan. Azokak jarri dio kolorea, eta hitzaldi eta kontzertuek jantziko dute, hiru egunetan. Euskal identitateari buruzko festa da, Txoria Txori taldeak eta Nabarraldek antolatua. Azokan badira, pitxiak, arropak, jaboiak, belarrak, eta jatena, nahi adina: olagarroa, kebaba, erretegia eta bertako produktuak... Tiobiboak ere badira, eta haurrentzako parkea, bertatik mugitu gabe goiz edo arratsalde pasa egiteko. Giroa alaitzen ibiliko dira, Hernani Musika Eskolako kideak, zanpantzarrak eta musikari gehiago. Postuen artean, bada bat Nabarraldek jarria, eta bertan izango dira ekitaldi gehienak.
Ekitaldi nagusia, eguerdian
Gaur hiru hitzaldi izango dira Nabarraldeko gunean: Izarren Argia filmaren dokumentala bota ondoren hitz egingo dute Gotzon Garmendia eta Antxon Gomezek, goizean. Arratsaldean, Euskal Herri independiente bat ekonomikoki bideragarria litzatekeen azalduko dute, bi hitzalditan jarraian, Irati Azkuek eta Oskar Arantzabalek. Ekitaldi nagusia eguerdiko 12:30etan hasiko da. Antzerkia egingo dute aurrena, eta gero Saturrarango kartzelako gertaerak gogoratuko dituzte, memoria historikoari buruzko hitzaldi batean.
Xiberuko kantuak, a capella
Eguerdian Xiberuko talde batek kantatuko ditu Pirineotako kantu tradizionalak, Jean Bordaxar laukoteak, 13:00ean. 20:00etan, bertso saioa.
ORHIPEAN EGITARAUA
Tilosetan
Azaroak 6 - Larunbata
10:30 Azoka. Artisautza eta elikagaiak.
11:00 Gure Herria. Euskal Herriko Egiaren Batzordea. Izarren argia filmaren dokumentala. Gotzon Garmendia, Antxon Gomez (Lau Haizetara Gogoan)
12:30 Ekitaldi Nagusia.
- -Orhiko xoria, Orhin laket. Antzerkia. Marifeli Etxeandia, Josu Kamara (Kukubiltxo).
- -Aldarria, Ilargiaren Argia (Saturrarango kartzela).
13:00 Musika emanaldia. Jean Bordaxar Laukotea (Xiberua) a capella. Pirineoetako kantu tradizionalak.
16:30 Gure herria. Hitzaldiak.
- -EHko ekonomiaren eta gizartearen Atlasa. Irati Azkue (Gaindegia).
- -Estatu independiente baten bideragarritasun ekonomikoa. Oskar Arantzabal.
20:00 Ahozko literatura. Bertso saioa. Xabier Sukia, Ibai Esoain.