Goizuetako etxeak ezagutuz hasiko dute aurtengo Azaro Kulturala larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 4a, 01:00

Larunbatean hasiko du­te Goizuetan aurtengo Azaro Kulturala eta horretarako, Goizuetako etxeak ezagutuz ize­­­neko ibilbidea antolatu du­te herrian barrena. 11:00e­tan jarri dute hitzordua Pla­zan. Iraupena, gutxi gora-behera, ordu eta erdikoa izango da, eta bertan bixitatuko dituzte kaxkoko baserri edo etxerik esan­gu­ratsuenak. Informa­zio hori orain dela 6 bat urte bildu zuen Goizuetako Kultur Taldeak triptiko batean eta orain herritarrei zabaldu nahi die. Joxe Jabier Etxeberria kultur taldeko kidea eta triptikoaren egile nagusia ariko da gidari lanetan. «Arkitektura aldetik azalpenak emateaz gain, etxeen historia eta he­rriko gertaerak lotuko ditugu. Etxe horietan zein bizitu zen, zer gertatu zen...».

30 bat etxeri buruzko azalpenak
Aukera haundia izan arren, 30 bat etxe nabarmenduko ditu Etxeberriak eta 6 sailetan banatu ditu: denetan zaharrenak dira dorretxeak, Aldun­tzin, Zigola eta Ibe­roko do­rrea; ondoren XIV-XV. mendekoak, Adrine eta Goiko­etxe; egurrezko egitura dutenak, XV-XVI. mendekoak Granada, Urrutine eta Jan­dene, esaterako; harri go­rriekin egindakoak, XVI-XVII. mendekoa Irisarri; olajaunen, eskribauen... etxeak, hau da, etxe haundiak, XVII. mendekoak Martitzene eta Juan Mar­titzene; eta XVIII. mendekoa Udaletxea. Gehie­nak egurrezko egitura dutenak direla dio Etxe­berriak; 15 bat. Eliza eta ermitari buruzko azalpenak ere emango ditu.

‘Sarean zintzilikatua’ bakarrizketa
Herri barruko ibilbideaz gain, bakarrizketa izango da larunbatean. Sarean zintzilikatua izeneko bakarrizketa es­kainiko du Edurne Agirre­zabalak. Arra­tsaldeko 19:30e­­tan izango da Gan­baran.

Abendura bitarte, ekintza ugari asteburutan Larunbatean hasi eta abenduaren 5era arte luzatuko da Azaro Kulturala eta astebururo izango dira ekintzak; hala nola, Goizuetan bazen gizon bat liburuaren aurkezpena, Agur Manhattan an­tzezlana, Eskualdeko gazteen egun pasa, Nepali buruzko diapositiba emanaldia, Asier Kidaun Magoaren emanaldia, artisau eta ganadu feria, Iraia okiñaren tailerra Xalto Egunean eta aizkolari eta txinga finalak.

Goizuetako Azaro Kulturala

Azaroak 6, larunbata:
- ‘Goizuetako etxeak ezagutuz’ herritik ibilbidea J.J. Etxeberriaren eskutik. 11:00etan Plazan. 
- ‘Sarean zintzilikatua’ bakarrizketa Edurne Agirrezabalaren eskutik. 19:30etan Ganbaran.
Azaroak 12, ostirala:
Patziku Perurenaren ‘Goizuetan bazen gizon bat’ liburuaren aurkezpena. 19:30etan Ganbaran.
Azaroak 13, larunbata:
- ‘Agur Manhattan’ antzezlana Leitzako Xagu taldearen eskutik. 19:30etan Ganbaran.
- Eskualdeko gazteen egun pasa.
Azaroak 19, ostirala:
Nepali buruzko diapositibak Joseba Elizegi ‘Yaman’en eskutik. 19:30etan Ganbaran.
Azaroak 20, larunbata:
Asier Kidaun Magoaren emanaldia. 17:30etan Ganbaran.
Azaroak 27, larunbata:
Artisau eta ganadu feria.
Azaroak 30, asteartea:
Xalto Eguna. Iraia okiñaren tailerra Eskolako ikasleentzat.
Abenduak 5, igandea:
- Nafarroako II. mailako aizkolari finala.
- EHko mutilen txinga finala.
12:00etan frontoian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!