ergobiko festak ziren, 1970eko abuztu bukaera. Bost lagun elkartu ziren jaiak musikaz alaitzeko: bi hernaniar: Joaquin Ortega Canario (saxofoia) eta Felipe Sagarna Zapa (kaxa); bi billabonatar: Domingo Castro Sietemesinos (tronpeta) eta Jesus Maria Zalakain Pipas (bonbardinoa); eta tolosar bat: Francisco Esnaola Paotxa (tronboia). Lehenengo esperientzia gustatu, eta Incansables txaranga sortu zuten, herriz herri neke haundirik gabe ibilitako taldea, izenak dioen bezala. Geroztik, aldaketa asko izan ditu taldeak, nahiz eta, utzi dutenek beti mantendu duten harremana txarangarekin. Incansables sortu zutenetatik bat da gehien iraun duena, Joaquin Ortega Canario hernaniarra, hain zuzen. Hernaniri oso lotutako taldea izaki, tartean hernaniar gehiago ere pasa dira, Luis Mari Berasategi Tate, Carlos Garcia Karloti eta abar, besteak beste. Beste txaranga eta koadrila batzuk lagun izan ditu Incansablesek, garai hartan ohitura izaten zen bezala: Txatarra, Los Anastasios, Los Pomposos... Euskal Herriko makina bat herritan ibiliak, eta baita kanpokoetan ere, goizean hasi eta gauera, eta «diru guztiak ahittu arte». Hainbat txarangarentzat erreferentzia izan den talde honek, hiru LP eta hiru CD grabatu ditu, eta oraindik egin behar dituenak, beste 40 urteetan, gutxienez.
Zapari omenaldia, etzi
Txarangaren momenturik txarrena, dudarik gabe, Zapa hil zutenekoa izan zen. Felipe Sagarna Zapa 1980ko apirilaren 16an hil zuen Batallon Vasco Españolek. Incansablesek urtero gogoratzen du Zapa taldekidea, egun horretan. Larunbatean ospatuko du Incansablesek bere 40 urteurrena eta egun horretan, bereziki gogoan izango dute Zapa. 13:00etan egingo diote omenaldia, Kaxkoan.