«Amiantoak kalte egindako 200-300 pertsona egon litezke Hernanin»

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 3a, 01:00

La Plaza de la Música do­ku­men­talak amiantoari buruz hitz egiten du. Juanmi Gu­tie­rrez zine zuzendariak egina da, eta bere amaren kasua kon­tatzen du, besteak beste. Do­nostiako Zinemal­dian eman zuten dokumentala, eta bertan hitz egiten dute, bes­teak beste, amiantoak kalte egindako jendeak, sindikalistek (tartean, Jesus Uz­ku­dun hernaniarra). Dokumentala ikusi eta gero, Uzkudunek berak hitz egingo du gaiari buruz.

Amian­­toarekin lan egin du­ten langile asko dago Her­na­nin, en­presa kimiko edo si­de­rur­gikoetan lan egin zutenak; ho­riei zuzendutako emanaldia da datorren asteartekoa, arduradunen hitzetan. «Amian­toak zein kalte eragin dituen jakiteko, eta kalte or­dainak eskatu daitezkeela ja­kiteko».  
Ezker Batua-Berdeak al­derdiak an­to­latu du ekitaldia, datorren azaroaren 9an, Bi­terin, 19:00­etatik aurrera.

Errenterian PAISA enpresa, Hernanin Orbegozo, IQU...
Pelikulak kontatzen du kasu erreal eta pertsonal bat. Gu­tie­rrez zuzendariak bere amaren kasua kontatzen du. Ama hil eta gero jakin zuten amiantoak eragindako gaitz batek (mesotelioma) hil zue­la. Amak ez zuen amiantoarekin lanik egin inoiz, baina Erren­te­ria­ko PAISA enpresaren ondoan bizi ziren. En­pre­sa hark bentiladoretik bota­tzen zituen airera barruko hautsak, tartean amiantoa. Dokumentalak salatu egiten du amiantoa nola erabili den; ez soilik langileei egin dizkien kalteak, baita ingurumenari egindakoak ere. Ho­rrez gain, erakutsi nahi du oraindik munduan erabil­tzen dela amiantoa, Asiako hego-ekialdean, adibidez.

Hernanin ere asko ziren amiantoarekin lan egindakoak. Jesus Uzkudun hernaniarrak dioenez (CCOO sindi­ka­tuko Lan Osasuneko arduraduna da eta dokumentalean parte hartu du), Hernanin 200-300 kaltetu egon litezke, gutxienez, amiantoak eraginda. Orbegozo, IQU, Pape­le­rak... Hor garai batean lan egin zutenek arriskua daukate, amiantoak eragindako gaitzen bat izateko.

«Arriskuan egondako
guztiek, Osalanen izena eman behar lukete»

Uzkudunek dioenez, Gi­puz­koa, Bizkaia eta Araban 40.000 langilek daukate arriskua noizbait amiantoak eragindako gaitzen bat azaltzeko. Horregatik, egon beharko lukete Osalaneko zerrendetan, eta mediku kontrolak pasa beharko litzaizkieke hain­bestean behin.

Hernanin 200-300 pertsona egon litezke arriskuan, eta Osalanen apuntatuta 20 ba­ka­rrik daude, Uzkudunek dioenez. Hernaniarrak dio, kalte ordainak lortzen ari direla, baina askoz errazagoa izaten dela aldez aurretik izena emanda egonez gero. «Kalte ordainak ematea lortu da kasu batzuetan (oraintxe gutxi hernaniar bati). Minbizi kasuetan, adibidez, lortzen da pentsioak dezente igotzea».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!