Falta direnak gogoan, egunotan

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 31a, 02:00

HERNANIAR askok egingo du bisita hilerrira, hildako fa­miliako eta lagunei bisita egitera. Batez ere, gaur eta bihar espero da jende gehiena, eta dagoeneko inguratu direnak ere badira. Lore dendatan mu­gimendua nabaritu da ur­tero bezala, gehienak lore-es­kaintza eginez joaten baitira hilerrira: krabelinak, margaritak, loriumak eta gladioloak dira batez ere jendeak eros­ten dituen loreak.

Hilerria txukun, urte guztian

Hernaniko hilerria prest da Santu Guztien Egunerako. Urte guztian mantentze la­nak egiten direla azaldu digu Josu Apezetxea enterratzaileak, eta garai honetan mugimendua dagoeneko sumatu dela. «Asko inguratu dira be­ren familiako panteoiak garbitu eta txukuntzera, egun honetarako». Panteoiak pribatuak dira, eta familiari da­gokio mantentze lana. Gai­ne­rakoa Udalak garbitzen du, urte guztian. Apeze­txeak zor­tzi hilabete daramazki lurpera­tzaile lanetan, eta de­netik egin behar izaten duela adierazi dio Kronikari: «lurperatzaile lanak egiteaz gain, tokatzen zaigu, hainbestean behin, ni­txoetatik hezurrak ateratzea ere, gero hosariora sartu edo erre eta abar egiteko; eta baita lorazaintza eta igel­tseritza la­nak egitea ere». Udaberrian lan asko izan dela adierazi dio Kronikari Apezetxeak. «10 bat lurperatze izan dira hilero, eta horietatik 2-3 erraustu dira». Hernaniko hilerria 1915­ean ireki zen, Txantxillakoa itxi zenean. 400 panteoi ditu eta 920 nitxo. Panteoiak fa­mi­liarenak izaten dira batez ere, nahiz eta Udalak batzuk badituen. Nitxoak Udalare­nak dira, eta 10 urtetarako ematen zaizkie familiei, alkiler moduan. Hilerria anpliatzeko lanak oraingoz ez dira egingo, be­ha­rrik ez dagoelako. Gero eta lurperatze gutxiago izaten direlako hartu da erabaki hori.

Erramun Beltza - Segi Hiru enpresa:
«Egunotan lan asko dugu panteoiak txukuntzen»

segi Hiru enpresak panteoiak txukuntzen egiten du lan, eta mugimendu haundia dabilkite azken asteotan, Santu Guztien Eguna dela eta. Enpresa honek Hernanin hilabete gutxi daramazki, bai­na ondo lan egiten ari di­rela adierazi diote Kro­ni­kari. «Dagoe­ne­ko 6 panteoi garbitu ditugu, eta enkargatu di­gute besteren bat». Lanik gehiena Donostiko Polloen egiten dutela adierazi dio Kronikari Erramun Beltzak, enpresako arduradunak.

«Erabat berritu»
Segi Hiru enpresak panteoiak «berritu» egiten ditu. Pro­ze­sua esplikatu dio Kro­ni­kari Erra­munek: «Pla­kak kentzen ditugu lehenengo. Ge­ro ura pasatzen diogu ha­rria­ri, presioan, eta ofizioko produktu bat eman, garbitu arte. Pla­kak tailerrean garbi­tzen dira, eta letrak berritzen zaizkie: pin­­tatu, grabatu eta abar. Argoilak margotu, in­gu­rua garbitu eta juntak jasotzen dira». Mantentze lanak ere egiten ditu Segi-Hiruk, astero-astero, nahi izanez gero. 


Gaitz mentala dutenekin lanean, 9 urtez
Segi Hiru enpresan 37 per­tsona ari dira lanean. Gaitz mentala duten pertsonei la­na ematea da enpresaren helburua, «baldintza ahalik eta duinenetan». Erramu­nek sor­­tu zuen lantegia, be­re semeak gaitz hori zuelako, eta problematika antzekoa zu­tenentzat erremedio modura. 4-5 orduko jornada dute langileok, eta eskuz egiten di­tuz­te lanak, «oso txukun, eta ordainduta».
Hilerriko lanez gain, bes­te hainbat lan egiten ditu enpresa honek: zeramikazko ontziak; bateriak, filtroak, sepiolitak desegin, eta abar. Hernanin Portuko erri­­beran loreak hazteko mintegia jarri dute, eta laster baratza egingo dute, inbernaderoetan.
Harremanetan jartzeko, dei­tu 943460977 telefonora edo idatzi helbide honetara: segi@segihiru.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!