Garai berriak datoz, perretxiko zaleentzat

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 30a, 02:00

5 kilo bildu ahal izango da gehienez, egunean. Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretua jarria dauka erakusketan, eta alegazio epea azaroaren 12an bukatuko da. Parke Naturalei eragingo die dekretuak.

2011 urteko udaberrian hartuko du indar dekretuak. Egun ho­rretatik aurrera (eta dekretua onartzen bada), 5 kilotik go­ra ezingo da bildu egunean, Gi­puz­koa­ko Par­ke Natura­le­tan. Garai berriak datoz perre­txiko zaleentzat; orain arte ohiz­­koa zen perretxiko kolpea zenean, ahal zen guztia bildu eta etxera ekartzea; horrek jende pila haundiak bildu ditu zenbait mendi eta basotan. Ara­bak eta Nafarroak bezala, Gipuzkoak ere arautzeko bideak hartu ditu, beraz. Orain arteko neurrietan biltzen segita, espezie asko arriskuan egon daitezke. Foru Dekretua urriaren 19an jarri du erakusketan Di­putazioak, eta azaroaren 12an kenduko du. Bitartean, alegazioak jartzeko aukera izango da (dekretua ikusteko: www.gi­puz­koa.net).

Ale txikirik ez, eta saskietan
Perretxikoa haundituta dagoenean bildu behar dela dio dekretuak, «txapela hedatuta eduki behar dute, eta debekatu egiten da beren garapenaren lehen fasetan dauden perretxikoak biltzea». Saskiak erabil­tzeko ere esaten du arauak, edo beste ontziren bat, baina beti, perretxikoen esporak zabaltzeko egokiak direnak.

Landaretza errespetatu
Kontuz ibili beharko da basoko landaretza hondatu gabe. Zorua mugitzea, landareak ipurditik ateratzea, eskuz nahiz erramintaren bat erabiliaz, erabat debekatuta geratuko da. Perretxikoen mizelioak (sustraiak, espeziea bera lur-az­pian egoten da), kontuz zain­du beharko dira. Puska­tuta edo hondatuta dauden aleak bertan utzi beharko dira, eta biltzen ez diren aleak ezingo dira puskatu, ez badago arrazoi nabarmenik, «identifikazio taxonomikoa behar be­za­la egiteko aleren bat puskatu behar izatea-edo». Egun argiz ibili beharko da.

Aiako Harria parkea
Gipuzkoako parke naturalei eragingo die dekretuak. Her­na­­nin, Aiako Harria parkea dau­kagu, eta Gipuzkoan: Aiz­­korri, Pagoeta eta Aralar. Baso pribatuetan, baso-jabeak bil­du ahal izango du 5 kilotik gora, bai­na Diputazioan eskae­ra egin beharko du, hartarakoxe. Basozainek isunak jarri ahal izango dituzte, 60 eurotik 300.000 euro bitartekoak, arau haustearen arabera. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!