Futbolzaleek arratsalde pasa ederra izango dute gaur, Zubipen. Izan ere, bi talde nagusiek etxean jokatuko dute. Erregional Ohorezko mailan, Tolosa izango dute aurrez aurre 16:30etatik aurrera. Azken jardunaldietako boladari eutsi, irabazi eta lidertzari eustea izango dute helburu. Eta ez dirudi lan haundirik izango dutenik, Tolosa 11garren postuan baitago. Gainera, Hernanik galduko balu, ez luke lidertza galduko, lau puntu ateratzen baitizkio, Real Unioni, hau da, bigarrenari. Emakumezkoen Ligan, Hernanik Ostadarren aurka jokatuko du, 18:30etan. Ostadar azken postuan dago sailkapenean. Beraz, irabazi eta lidertza berreskuratzeko aukera paregabea dute txuri-berdeek. Hernani bigarren dago, lehenengotik puntu batera; hau da, Zarautzek 12 puntu ditu. Dena dela, Zarautzek partidu bat gehiago jokatu du eta asteburu honetan ez du jardunaldirik.
Liga Nazionaleko jubenilak Zarautzera gaur
Liga Nazionaleko jubenil taldeak ere gaur jokatuko du. Zarautz izango dute aurkari. Astin izango da norgehiagoka, arratsaldeko 16:00etan.
Ander Lizeaga Euskadiko selekzioan
Ander Lizeaga Arostegi hernaniarra Euskadiko selekzioarekin jokatzeko deitu dute, futbol sub-16an. Lizeagak CD Hernaniko kadeteen taldean jokatzen du. Azken honekin, Hernaniko bi jokalari izan dira maila haundiko taldeekin jokatzera deituak. Aurretik Ylenia Torres deitu zuten Espainiako sub-16ko selekzioarekin jokatzera.
CD Hernanik jakinarazi duenez, deialdi horiek lanean jarraitzeko pizgarri dira.