Jaurlaritzaren ustez, etxebizitza eta azpiegitura planek garrantzi haundiegia izan dute, Urumea ibai inguruan

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 30a, 02:00

Datozen 15 urteetan Hernanik bi parke izango ditu, Zabalaga parkea eta Urumea-goialdeko parkea. Donostia-Astigarraga-Hernanin, 20.000 etxebizi­tza berri egin ahal izango dira. Eusko Jaurlaritzak zehaztu du, Lurraldearen Zatiko Planean (LZP), Donostialdea zenbat hazi litekeen, zein azpiegitura izango dituen eta abar...

Lehenbailehen planifikazio orokor bat behar du Uru­mea ibai inguruak, Eusko Jaur­laritzaren ustez. Urte gu­txitan inpaktu haundia eragin dute etxebizitzek, azpiegiturek eta industria planek, Uru­meako 2 km inguruko zatian, eta aurreikusita dau­den obrak ere bide horretan dijoaz. Ho­rrez gain, oraindik erabaki ga­be dago Uru­mea ibaiak uholdeen au­rrean hartu be­ha­rreko neurriak zein diren, eta paisajistikoki zein tratamendu eman be­har zaion. Neurri guztiak kontuan hartuko ditu­en planifikazio orokor bat behar-beharrezko jo du Eus­ko Jaur­la­ri­tzak, Lu­rral­dearen Za­tiko Pla­nean, Donostial­dea­ra­ko egin­dako propo­sa­me­nean. Lurral­dea­ren Zatikako Pla­na deitzen zaio plan horri. Eus­kal Autonomia Erkidegoa 15 zonaldetan dago banatua, eta horietako bat da Donostialdea deitzen zaiona. Zonalde ba­koitzerako plan bat egiten du Eusko Jaurlaritzak, 10-15 urtean behin. Diputazio eta Udalen erabakien gainetik, plan honek pauta batzuk zehazten ditu. Kasu gehienetan proposamenak izaten dira, etorkizun batean zerbait egin nahi duenak kontuan hartu beharko lituzkeenak. Donostialdeako plana joan den astean aurkeztu zuen Jaurlaritzak, eta erakusketan dago Donostiako Aqua­rium­ean, azaroaren 20ra arte. Do­nos­tialdeak 13 herri hartzen ditu barruan, Irundik An­doai­n­­era (tartean, Hernani). 400.000 biztanle ditu eremu horrek.

20.000 etxebizitza 3 herritan
Astigarragak, Donostiak eta Hernanik 20.000 etxebizitza berri egin ahal izango dituzte 15 urteotan, Eusko Jaurla­ri­tzak zehaztu duenez. Herna­nin 2.300-3.500 etxebizitza be­rri egitea espero da, eta gainerakoak Astigarragan eta Do­­nostian. Astigarragan, erriberetan egingo den tren estazio berriaren inguruan, batipat; Donostian, Loiolako erriberetan, eta Txominenea ingu­ru­an, batez ere (Altzan ere de­zen­te dituzte egitekoak).

Bi parke, Hernanin
Zonalde batzuk ukitu gabe uztea gomendatzen du LZPk, eta Hernanik bi izango ditu: Zabalaga parkea, eta Urumea parkea. Zabalaga parkean sartzen dira: Arratzain, Ari­tze­­ta, Aingeru Zaindaria, Lo­re­toki, Oriamendi, Arizmen­di­ko gaina, Santa Barbara, Azkorte eta Altzain gaina. Par­ke guztia ez da Herna­ni­ren barruan egongo, baina zati haundi bat bai. Parke horri hiriarteko parke deitu zaio, eta ingurune berdeak man­tentzeko helburuarekin sortuko da. «Zonalde berdeak mantendu behar dira hiriartean, paisajea babestu, ingurunea babestu, eta nekazaritza babesteko». Urumea parkea. Herna­ni­ko herritik Aranora bitarteko zonaldea hiri-kanpoko parke izendatu du Jaurlaritzak, helburu berdinekin.

AHTa, Bigarren Saihesbidea, Urumeako bariantea...
Garraio bideak, errepide eta trenbideak, berebiziko garran­tzia hartuko dute datozen 15 urteetan. AHTak geltoki bat izango du Astigarragan (Do­nos­tialdeako geltokia), eta bertatik egingo dute trenbide be­rri bat, Donostia erdira. Her­na­nin, Akarregitik tunelean pasako da, Ibarluze poligonora; handik Iparragirre eta Altzuetako erriberetan barrena, Osiñagako bailaran pasako da, Urnietara. Biga­rren Saihes­bidea mugaraino luzatuko du­te, Oiartzungo bai­­laratik ba­rre­na. Bigarren Saihesbidea da, A8tik datorren bide berria, Galarretatik eta Oriamenditik barrena Astigarraga, Oiartzun eta Errenteriaraino iristen de­na. Azkenik, Uru­meako ba­rian­tea Andoaine­raino iritsiko da. Hernanin ba­rian­te hori bikoiztuko dute, hau da, beste bi karril erantsi. RENFEko tren-karrilak es­tu­­tu egingo dituzte, datozen ur­teetan, eta nazioarteko zabalera emango zaie (gaur egun, 1,676 metro dituzte zabalean, eta 1,435 metrora pasako dira, UIC deitzen zaion zabalerara).

Bizikletaz eta oinez, herri guztietara iristeko modua
Bidegorriak herri guztietara iritsiko dira datozen 15 urteetan. Prioritatea eman behar zaiela adierazten du Jaur­la­ritzak, oinezko eta bizikleta bideei, eta datozen 15 urteetan Donostialdeako 13 herriak el­ka­rrekin lotzeko proposatzen du. Gaur egun, badira zenbait puntu, bidegorriak bukatu egiten direnak, arrazoi asko medio: errepideak tartean, trenbideak, eta abar. Horiei erremedioa eman, eta herriz herriko sarea osatu egin behar dela dio LZPk. Herri batetik bestera, ahalik eta bide erosoenak egingo dira, «ahalik eta labur, seguru, eta paisaje atseginenetatik», eta bide horiek egiteko lehentasuna izango dute, ibai-er­tzek, eta bailaren arteko punturik bajuenek, eta abar... Oinezkoek izango dute bide horietan lehentasuna.

Hondakinen kudeaketa
Hondakinak kudeatzeari bu­ruz ere hitz egiten du LPZk. Zu­bie­tan hondakinak kudeatzeko zentroa aurreikusten du, zehaztu gabe, zein tratamendu emango zaien hondakinei (erraustu edo beste); Ariz­men­­­di­n transferentzia puntua aurreikusten da. San Markos behin betiko itxi eta Lau Haizetara parkearen ba­rru­an geratuko da. Kon­pos­tatze eta biometanizazio plan­ta, Hon­da­rribian.

Energia eta ura
Urnietatik Zubietara argindar linea berri bat pasako dute, 132 kVkoa. Urari dagokionez, uholde kasuetan, ura bonbeatzeko estazio bat egitea komeni dela dio planak (ez du zehazten non).

Proposamena, 4,93 etxebizitza urtean, 1.000 biztanleko
Datozen 15 urteetan, Jaurla­ri­tza­ren ustez, 4,93 etxebizitza egin beharko lirateke urtean, 1.000 biztanleko. Horren arabera, Hernanin, 1.480 etxebizitza egin beharko lirateke. Industriari edo jarduera ekonomikoari 420-480 hektarea (ha) ema­­teko proposa­tzen du Eus­ko Jaurlaritzak, Do­nos­tia er­dia eta Urumea inguruan. Hernanin, Aka­rre­gin eta Martindegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!