PSE-EE alderdiak Alkatearen hipokresia kritikatu du Kronikara bidalitako prentsa oharrean, funtzionarioen soldatak igotzea onartu, eta berea mantentzeagatik: «Plenoan Gobernu taldearen aldeko botuekin bakarrik onartu zen Udaleko funtzionarioen soldata jaistea».
Jose Ramon Chica bozeramailearentzat, gaur egungo egoera ekonomikoaren ondorioz, ahal den esfortzu haundiena egin behar da Udaleko gastuak gutxitzeko: «guztiok izan behar dugu austeritatearen eredu, solidarioak izan behar dugu krisia gehien jasaten ari direnekin».
Bozeramaileak dio Errege Lege Dekretuaren (8/2010) arabera, defizit publikoa murrizteko ezohiko neurriak hartu behar dira, eta horren ondorioz aurtengo soldatak murriztu egiten dira, eta 2011koak izoztu. Horrez gain, soldatarik gabeko zinegotzienak ere jaisten dira: «hau da, oposizioaren gehiengoa edo guztia. Asistentzia dietak bakarrik kobratzen dituzte, hau da, beraien diru-sarrera bakarra da, eta legegintzaldi hasieratik izoztuta dute, azken hiru urtetan ez dute igoerarik izan».
Udaleko langileak balira bezala, Alkateak eta Gobernu Taldeak ordea soldata igo dutela azaldu du Chicak, baina jaisteko orduan ez dutela neurri bera erabili: «Alkatea eta bere gobernuak soldata jaitsi diete, baina beraiek berdina kobratzen jarraitzen dute, legegintzaldi hasieran beraiek finkatu zuten soldata bera». Horrez gain, bozeramaileak dio jarrera hau FEMPk eta EUDELek gomendatutakoaren kontra dihoala, eta baita beste erakunde, Gobernu, Diputazio eta Udaletan hartzen ari diren neurrien kontra».
Bukatzeko, Chicak adierazi du Alkatea solidaritate eta langileen batasunari buruzko lekzioak ematen ausartzen dela krisi momentu hauetan: «bere jarrerak erakusten du noraino iristen den ideologia, eta noraino poltsikoa, kasu honetan poltsikoak irabazi du».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!