Urbil, Garbera, Alcampo, Lintzirin eta Araso zentro komertzialak ezingo dira gehiago haunditu, Jaurlaritzaren planaren arabera. Donostialdean desorekak eragin dituela aitortzen du, eta problematika hori haunditzea eragotzi egin behar dela. Garraio publikoa bateratu egin nahi da zonalde osoan, datozen 15 urteetan. Trena, autobusa, metroa (egingo balitz) bateratu, eta sare bat bakarra izan dedila. Pasaiako kaia berritzeari prioritatea eman dio Jaurlaritzak, Lurraldearen Zatiko Planean. Hori egiteko modu bat baino gehiago daudela adierazten du plan horretan, eta lehenbailehen erabaki beharko dela, kanpo portua egin edo ez.
40.000 etxebizitza berri
Pasaiako kaia berritzean, etxebizitza dezente egingo dira gaur egun kaia dagoen horretan. Donostia eta Irun ere dezente haundituko dira: Donostia haundituko da, batez ere, Loiola eta Txominenea aldera. Irunen, gaurko tren estazioa desagertu egingo da, eta bertan etxebizitzak egingo dituzte.
Errepide sarea, zabaldu
Gaur egungo errepideak behar-beharrezkoak izango direla dio Jaurlaritzak, epe motz eta ertainean. Epe luzera, bi errepide izango dira nagusiak: A8 autobidea eta Bigarren Saihesbidea. Horretarako, azken hori mugaraino luzatzea komeni dela dio planak, Oiartzungo bailaran barrena. Beste obra nagusiak: Lezo-Gaintxurizketa korridorea, A8tik Irun erdira irteera, N1a haunditzea Sorabilla eta Andoain bitartean, edo N121 bikoiztea (Behobia-Iruñea).
A8ko peajearen ordez, errepide nagusi guztietan jarriko da peajea, sarrera puntuetan, eta prezioa berdindu egingo da.
AHTa, trenbide berria
Trenbideetan aldaketak izango dira datozen 15 urteetan. Gaur egungo trenbideak estutu egingo dira, nazioarteko neurrietara. AHTa zehatz nondik joango den zehaztua ez dagoen arren, eragin haundiena izango duen obra izango da. Astigarragan estazio berria egingo dute; eta handik Donostia erdira trenbide berria. Irunera sarrera izango du, eta Pasaiako portura beste bat. Beste trenbideek ere aldaketak izango dituzte. ETS (kostako trena) bikoiztu egingo da ahal den leku guztietan (Aginaga-Usurbil). Donostiako tranbia ez da beharrezko jotzen.
DONOSTIALDEA zenbakitan:
13 HERRI: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun,
Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil.
376 km2: azalera osoa
400.000: biztanle ditu.
%15 - 5.500 ha: Etxebizitzak, industriak eta azpiegiturek okupatzen duten lurra, gaur egun. %18 okupatuko dute 15 urte barru.
2.600 ha: etxebizitzak okupatzen du.
1.300 ha: industriak okupatzen du.
900 ha: ekipamendu publikoak
700 ha: azpiegiturak, errepideak, trenbideak... okupatzen dute
176.000: etxebizitza daude
171.000: herri barruko etxebizitzak
5.000: herritik kanpoko etxebizitzak
68: etxebizitza hektareako daude une honetan Donostialdean.