«Euskal Memoria Fundazioaren aurkezpena egingo dugu gaur, baina ez hori bakarrik. Oroimen historikoaren alde egin den lanaz ere arituko gara, eta gaur egun eta etorkizunari begira ditugun asmoak ere azalduko ditugu», hori eta askoz gehiago azalduko du gaur Joxean Agirrek Biteri kultur etxean emango duen hitzaldian. Natza elkarteak antolatutako hitzaldia da, Na(hi)tzaldietako azkenekoa. Euskal Memoria Fundazioa izena du, eta arratsaldeko 19:30etan hasiko da.
«Gure helburua ez da mezua orokorrean zabaltzea,
herrira iritsi nahi dugu,
bertako jendearengana»
Joxean Agirrek azaldu du, Euskal Memoria Fundazioaren helburua ez dela oro har, euren mezua zabaltzea, baizik eta herriarengana iritsi nahi dutela: «gaurko hitzaldiaren helburua da herritarrekin zuzeneko kontaktua izatea. Gisa honetako ekitaldiak Euskal Herrian urtero egiten jarraitzeko asmoa dugu, baita Hernani edo inguruan ere. Guretzako herritarren babesa eta partehartzea ezinbestekoa da, jendea inplikatzea nahi dugu, dakitena edo duten informazioa ematea garrantzitsua da. Horregatik gaurko hitzaldira joateko gonbitea luzatu nahi diet».
`Gernikako seme-alabak´
liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan
Liburu bat ere idatzi dute, Gernikako seme-alabak izenekoa, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute. Bertan, Euskal Herriak errepresioaren ondorioz, azken 50 urteetan jasan dituen kalteak kontatzen dira, besteak beste. Agirre liburu honen inguruan ere arituko da gaurkoan, eta adierazi duenez, urtero dute antzeko argitalpen berriren bat egiteko asmoa: «urtero egingo ditugun ekimenen barruan, gure asmoa liburu berri bat argitaratzea ere bada, herritarrengana iristeko beste modu bat. Horrez gain, herritarren babesa jasotzeko beste bide bat da liburuarena, horregatik erostea gomendatuko diegu».