berriak elkarteko komertziante eta tabernariek euren lokaletako energia kontsumoaren auditoria debelade egiteko aukera izango dute, Berriak-ek eta Energiaren Euskal Erakundeak duten akordioari esker. Auditoriaren helburua da lokaletako energia kontsumoa aztertzea, eta murrizteko baliabideak ematea. Akordioaren berri emateko bilera egin zuten atzo Biterin, eta EEEko ordezkaria den Gabriel Valinek azaldu zien akordioa.
Auditoriak
fase ezberdinak ditu
Energiaren Euskal Erakundeak komertzio edo taberna bakoitzean egingo luke ikerketa, ondoren, bakoitzari hartu beharreko neurri zehatzak emateko.
Auditoriaren aurreneko pausua lokal bakoitzak kontsumitzen duen energia aztertzea da. Azterketarako, azken bi urtetako elektrizitate, gas, gasolio eta ur fakturak jasoko dituzte. Ondoren, datu horiek analizatuko dituzte, eta horretarako, besteak beste, kontuan izango dituzte lokalek dituzten berogailu sistemak, iluminazioa, aireztapena eta bestelako energia ekipamenduak.
Beharrezkoak dituzten datuak eskuartean izanda, akzio-plana jarriko dute martxan. Kontsumo sisteman egin beharreko aldaketak aztertuko dituzte, beti ere, energia kontsumoa murrizteko asmoz. Akzio-plana merkatuan dauden hobekuntza tekniko guztiak kontuan izanda egingo dute.
Azkenik, komertzio eta tabernariei plan horren berri emango diete, debalde. Plan horren barruan, aldaketa horien kostua zein izango den ere azalduko diete. Eta komertziante edo tabernaria izango da aldaketak egin ala ez erabakiko duena.
Izena Berriak Elkartera
deituta eman behar da, osteguna baino lehen
Auditoria egin nahi duten komertziante edo tabernariek izena eman behar dute, osteguna baino lehen, Berriak Elkartera deituta, 943 33 30 49ra. Izena ematerakoan elektrizitate kontsumoko azken faktura eta lokalaren metro karratuak adierazi behar dituzte.