Hamaikabat alderdiak Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharrean dio ANV alderdiko Udal Gobernuak, Ezker Batuarekin batera, ez duela denborarik galtzen eta nahierara kontratatu nahi dituztela Garbitania Zero Zabor S.L. enpresako langileak. «Atez Atekoaren aldekoak direnek sortutako enpresa publikoa da eta, feudo pribatu bezala, kontrol publikoko mekanismoetatik pasa ez dadin saiatuko dira», dio. Eta gaineratu du Garbitaniako gerentea kontratatzeko epaimahaia, ANV eta Ezker Batuako zinegotziek soilik osatzen dutela. «Epaimahai horrek agerian uzten du alderdi horiek enpresa publiko horretan antolatu nahi duten txiringitoa zein den. Eta Hamaikabat ez dago hori onartzeko prest».
Aukeraketa moduarekin ere ez dago ados Hamaikabat: «Bi fasetan egingo dute. Lehenengoan Curriculuma hartuko da kontuan eta gehienez 40 puntu lortzeko aukera izango dute hautagaiek; eta bigarrengoan 60 puntu, elkarrizketa bat medio. Azterketa soil bat egiteko gai ere ez dira izan».
Froga hauen berri emanez, Berria eta Garan soilik argitaratu zela iragarkia azaltzen du Hamaikabatek eta hori ere salatu du: «ez da tokiko prentsan argitaratu, agian jende gehiegik jakin ez zezan. Udaleko web orrian ere ez da honi buruzko informaziorik eman». Gerente postuaz gain, beste hainbat lanpostu ere badirela azaltzen du Hamaikabatek, baina guztietan apuntatzeko epea bukatu dela. «Iruzur baten aurrean gaude eta aukeraketa prozesu hau, hernaniar guztioi burla egitea da», azpimarratu du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!