«bizkaiko Zabalgarbi erraustegiaren ondoan bi zementu fabrika daude: Cementos Lemona, eta Cementos Rezolaren planta bat. Zubietako erraustegiaren ondoan, Cementos Rezola enpresa egongo litzateke. Nafarroan badago zementu fabrika bat, eta erraustegia egitea proposatu dute. Araban aldiz, ez dago zementu fabrikarik, eta ez dute erraustegirik proposatu». Mikel Peruarena kazetari ereñotzuarrak blog bat kaleratu du interneten (erraustu.wordpress.com), eta bertan azaltzen ditu, erraustegia egiteko egon daitezkeen interesak. Joan den ostegunean hitzaldia antolatu zuen Hernani Zero Zabor taldeak, eta bertan Mikel Peruarenak hitz egin zuen, ekitaldi aretoa bete-betean zela. Funtsean, azterketak bilatzen duena da, erraustegiaren gaian beste debate bat irekitzea, alegia: zeinek erre nahi ditu hondakinak? Eta zergatik? Berez, lanaren asmoa ez da erraustegiak sor ditzakeen ingurumen eta osasun arazoak argitzea. Blogean, dena dela, egiten du horren erreferentzia bat Peruarenak: «Edozer erretzeak, berez dakar arriskua, haundiagoa edo txikiagoa. Segurua izan liteke, edo ez, energia nuklearra bezala. Istripua gertatzen den arte, dena da segurua, baita lehergailuak ere».
Hari mutur bati tiraka...
Azaldu zuenez, hari mutur bati tiraka hasi eta bera iritsi den konklusioa da, hondakinak erretzea bultzatzen ari diren 10 pertsona eta 20 enpresa inguru, behintzat badirela, eta oraindik lana bukatzeko dagoela. Xabier Garmendia da horietako bat. Eusko Jaurlaritzako industria sailburuordea. Lehendik Jaurlaritzan ingurugiro sailburuorde izana (1991-1995), eta Gipuzkoako Hondakinen Plana idatzi zuena. Baita Bizkaikoa ere. 1995ean kargua utzi eta hiru enpresa sortu zituen: ISR, DPA eta Neuciclaje (Ingurugiro azterketak, eta pneumatikoak birziklatzeko enpresak). ISR institutu hori da, hain zuzen, Nafarroako plana egiten ari dena. Beste batzuk: Nicolas Gaminde (ISR, Cementos Lemona), Jose Ignacio Elorrieta (ISRko bazkide eta Cementos Portlandeko Ingurumen arduraduna)... Enpresak berriz: FCC, AEGE, Endesa, Guascor, Sener... Lemona, Rezola eta Portland zementu enpresak... papelerak... Energia gehien kontsumitzen dutenak, funtsean. Lau faktore: BPGren krisia, energia krisia, ingurumen krisia, eta hondakinen arazoa «Petrolioa bukatzen ari da eta gasa garestia da. CO2 isurketak erregulatzen ari dira. Urtero hazitzen ez bagara, krisian gaudela esaten da. Hondakinekin arazoa dugu... Eta hondakinak erregai bihurtzen badira?». Peruarenak dioenez, hondakinak erreta sortzen den energia, berriztagarria dela jotzen du Europar Batasunak, eta energiaren %7 atera omen liteke hondakinak erreta. Hondakin horietatik indar kalorifiko haundiena dutenak, RDFak dira (pneumatikoak, araztegietako lohiak...), hain zuzen, laberik haundienak dituzten enpresetan erre nahi direnak; adibidez, zementu enpresetan.
«Hazkundea bada arazoa, geratu hazkundea»
Blogeko pasarte batek honela dio: «Materia ez da sortzen, soilik eraldatu egiten da». Luis Javier Valero Floresek dakar oinarrizko lege fisikoa gogora. «Suak materia desagerraraziko balu bezala, funtzionarioek esaten digute, zementu plantetan pneumatikoak erraustuta, ez dela kutsadurarik sortuko». Ez da Euskal Herriaz hari, Valero. «Mekanismo berritzaile horren bidez, inguruko enpresarik leialena bihurtu da». Valero mexikarra da. «[Juarezko Udalak onartutako hitzarmenaren] Funtsa da Cementos Chihuahua enpresari 3,50 peso ordaintzea, zementerak Samalayucako plantan duen pneumatiko bakoitzeko». Juarezko Udalak Cementos Chihuahua enpresari, Mexikon, 2,8 milioi peso ordaintzea erabaki zuen, urtero, pneumatikoak erretzeagatik. Alberto Cardenas Jimenez Ingurumen eta Natur Baliabideen Juarezko Udaleko zinegotziak dio errausteak ez duela kutsadura arazorik sortuko. Arazoa bat eta bera da, han eta hemen. Mexikoren tokian jarri liteke beste edozein herrialderen izena, eta berdin errepikatuko dira aldekoen eta kontrakoen argudioak... ...Hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidak, beraz eta ezinbestean, galdera egitea dakar: kapitalismoaren hazkunde iraunkorra bermatzeko, zilegi da hondakinak erraustea, eta energia iturri berriztagarrien ustiapen neurririk gabea sustatzea? Lehen «petrolioa, gasa eta ikatza» jartzen zuen tokian «eolikoa, hidraulikoa eta biomasa» idatzita, zer aldatuko da, beste guztia aldatzen ez bada? Industriaren mende ez dauden beste gizarte joera batzuetatik alderantziz planteatzen da arazoa: hazkundea bada arazoa, galgatu hazkundea...».