Hernanik Sestaon jokatuko du gaur denboraldiko bigarren partidua, 16:15etan, Sestaoko kiroldegian. Denboraldi hasierako porrota atzean utzi, eta pixkanaka jokoa sendotzea izango dute helburu gaur hernaniarrek, Alai Zubimendik adierazi duenez «aurrekoa baino partidu hobea egitea espero dute». Euskadiko bigarren mailan jokatzen du Hernanik, eta aurten jarri duten helburua pasa diren urteetakoen antzekoa da. Igoera fasea jokatzera iristea urruti ikusten badute ere, aurreneko postuetan geratzea dute helburu: «sailkapeneko bosgarren postuan geratzea txalotzeko modukoa litzateke; azken urteetan 7garren geratu gara»
Infantilek eta alebinek gaur hasiko dute denboraldia
Infantil eta alebin taldeek gaur hasiko dute denboraldia, biak nesken taldeak dira. Infantiletan derbia jokatuko dute Elizatxo eta Langile taldeek, kiroldegian, 12:00etan.
Alebinetan, Hernaniko lau talde arituko dira, eta euren artean jokatuko dute. Gaurko jardunaldian Elizatxo A eta Langilek jokatuko dute aurreneko partidua, 12:00etan, kiroldegian. Bigarren partidua 12:30etan hasiko da, eta aurrez aurre izango dira Urumea eta Elizatxo B.
Mutilen talderik
ez da izango aurten
Boleibol talde guztiak neskenak izango dira aurten. Mutilen talde nagusia desagertu egin da, eta maila baxuagoetan ez dago jarraipenik. Azken urteetan emaitza ezin hobeak lortutakoa da senior taldea. Euskadiko lehenengo mailan aritu dira jokatzen, maila oso onean. Azken hamar urteetatik zazpitan igoera fasea jokatzeko sailkatu dira, eta igoera bera ere lortu izan dute, Espainiako lehen mailara. 2001-2002an igotzea lortu zuten, eta 2002-2003an Espainiako txapelketa jokatzen hasi ziren. Partida batetik bueltan ordea, istripua izan zuten. Eta ondorioz, taldea desegin egin zen. Hurrengo urtean berreskuratu zuten taldea, eta ordutik igoera gehiago lortu dituzte, nahiz eta «jokalari eta ekonomia arazoengatik» ez den igoera gauzatu.