ZIKLO, fase, egoera... politiko berria eta Ezker Abertzaleak emandako azken pausuak denon ahotan dabiltza azken aldian. Horren harira, Natza elkarteak antolatuta, Antxon Etxebeste ETAko kide izandakoak eta Ezker Abertzaleko militante historikoak, hitzaldia eman zuen asteazkenean, Hernanin. Udaletxeko areto nagusia herritarrez bete zen. Etxebestek, Ezker Abertzalearen historia ekarri zuen gogora, azken pausuak ematera nola iritsi den azaltzeko eta ulertarazteko, eta egoera berri honetan dituen erronken berri ere eman zuen. Ziklo berri honek errezelo eta zalantza haundiak sortu dituen arren, baldintza minimoak badirela dio prozesu politikoa garatzen hasteko, eta baikorra da. «Bidea badago, ez da bide erraza, baina konbentzituta nago hasi dugun prozesu politiko honek, luzera bada ere, independentziara eramango gaituela».
«Ez da beste biderik ez dugulako, nahikoa lortu dugulako baizik»
Ezker Abertzalea ETA erakundetik sortu zela gogorarazi zuen eta garai berrietara egokituz estrategia aldaketak izan dituela. Hasiera hartan, frankismoaren aurka, matxinada estrategian oinarritzen zen, garai hartan nazioartean nagusi zen borroka armatu politiko-militar gisa, «herri armatua, inoiz ez zanpatua», lemarekin. Lehenengo ziklo aldaketa, estrategia hartatik haustura estrategiara pasatzean izan zela azaldu zuen Etxebestek. «Negoziaketa azaltzen da, baina zerbait estatikoa da. Guk hau dugu, nahi baduzu hartzen duzu edo ez». Bertatik negoziaketa estrategiara egin da salto, negoziaketa ikusirik gatazka politikoa konpontzeko tresna gisa. «Beraz, gauden fase honetan, estrategian elementu berri bat dagoela ikusten dugu. Ezker Abertzaleak apustua egin du: estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzea, hain zuzen». Zutik Euskal Herrian, Euskalduna eta Gernikako ekitaldietan biltzen da hori. Eta gaineratu zuen: «mesfidantza eta kezka sortu dituen apustu politikoa da, baina ez da izan zenbaitzuk esan duten bezala, beste biderik ez genuelako, harrapatuak, garaituak geundelako. Ez. Nahikoa lortu dugulako, baizik. Estrategia politiko-militarraren zikloa agortu da, eta agortu da lorpen eta emaitzekin». «Urte hauetan irabazten joan garena ikusteko gakoak dira, esaterako, estatuen estrategia suntsitzaileari eusten jakin dugula, eta ilegalizazio, kriminalizazioen aurrean, gure posizio politikoa euskal politikako ardatza dela. Esaterako, erabakitzeko eskubidea, autodeterminazio eskubidea... guk bultzatuta barneratu diren kontzeptuak dira», azpimarratu zuen. Horrez gain, argitu zuen hau ez dela ezeren amaiera, guztiaren jarraipena baizik. «Ezker Abertzalea aurrera doa, inoiz baino pauso sendoagoekin, ikuspegi argiagoarekin eta estrategia definituagoekin, bere helburuak lortzeko: independentzia eta sozialismoa».
Erronka ideologiko, politiko eta sozialak
Ezker Abertzaleak hemendik aurrera dituen erronka eta zereginen berri ere eman zuen Etxebestek. Erronka ideologikoa aipatu zuen alde batetik. Ideologia berreskuratu beharra ikusten du euskal herritar langilea kontzeptua indartuz, helburua euskal estatua sortzea izanda. Erronka politikoa ere izan zuen hizketagai. Honen barruan, proiektu politikoa eta prozesu politikoa bereizi zituen. «Ez dira nahastu behar. Lehenengoa aldatu edo lortu nahi den errealitateari zuzendua dago. Ezker Abertzalearen kasuan, independentzia eta sozialismoa. Eta bigarrena errealitatea gestionatzea da, hau da, lortu nahi den errealitaterako politikak garatzea. Biek bat egiten badute irabazi dugulako izango da. Bitartean paralelo eramaten saiatu behar dugu». Prozesuari begira, hiru fase bereizten ditu Etxebestek: bakerako fasea, Gernikako akordioak biltzen duena litzateke; hau da, gutxiengo demokratikoez hitz egiten da bake egoerara iristeko. Horrek bigarren fasea ekarriko luke: egoera demokratikoa eta normalizazio politikoa. Egoera horretatik, azken fasera pasako litzateke: marko demokratikora. Konpobideko markoa litzateke, erabakitzeko eskubidearekin. Prozesu politiko guzti honetan elementu garrantzitsua negoziaketa prozesua dela nabarmendu zuen, «beharrezko tresna». Erronka politikoaren barruan, Ezker Abertzaleak badu zeregin garrantzitsu bat Etxebesteren hitzetan: antolaketa edo berrantolaketa. «Epe motz edo ertainera egin beharreko lana da, alderdi bat sortzea. Pertsonalki pentsatzen dut izan behar duela masak osatutako alderdi zabal bat». Bestetik, langileriaren mugimendu sindikala landu beharra ikusten du eta kasu horretan, Ezker Abertzaleak LAB sindikatuaren aldeko apustua egin behar duela dio. «Baita ere aliantza politikak gauzatu behar ditugu eta benetako errealitate soziala aztertu. Eta mapa ideologiko-politikoa eta ekonomikoa garatu», azaldu zuen. Erronka sozialei dagokienez, berriz, teknologia berrietan, gazterian, emakumean eta emigrazioan Ezker Abertzaleak zeregin haundia duela gaineratu zuen Etxebestek.
Euskal Memoria fundazioa hizketagai ostegunean
Natzak antolatutako Na(hi)tzaldiak programa ostegunean amaituko da. Joxean Agirrek Euskal Memoria fundazioaren berri emango du.