Hamaikabat alderdiak prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara eta dionez, «Atez Atekoa jarri zenetik bost hilabetetara, Atez Ateko talibanen pazientzia bukatu da eta Zerbitzu Publikoetako ordezkariak lehenengo espedienteak zabaldu ditu ustez araudia betetzen ez duten herritarren aurka». Horrez gain, salatu du Alkatearen hitzak Atez Atekoak eraman dituela: «Zigortu aurretik herritarrak jakinaren gainean jarriko zirela aurreratu zuen eta zigorra azken neurria izango zela». Horren harira dio, Atez Atekoa jarri eta hilabetera hasi direla zigortzen. «Ustezko arau-hausteak honako egunetan izan dira: ekainaren 8 eta 29an, uztailaren 10ean bi, abuztuaren 30ean eta beste bi irailaren 4an. Dena dela, dekretuak, bat izan ezik, urriaren 1ekoak dira». Dataz gain, interesgarria dela dio zabaldutako zenbait espedienteren xehetasunak kontuan hartzea Alkatearen hitzak duen balioa jakiteko. «Kasu batean, bizilagun bat zigortu nahi da Udaltzaingoak miatutako poltsa batean azaldu delako banku-agiri bat bere emaztearen izenarekin. Beste kasu batean, berriz, emakume baten izenean dokumentuak eta argazki bat aurkitu dituztelako. Eta kasu batean, gizon bati espendientea zabaldu diote plastikoa ateratzeagatik errefusa atera behar zen egunean», dio Hamaikabatek.
«Ezker Abertzaleak kontrol sozialaren aldeko apustua egin du»
Hamaikabat alderdiak gaineratu du, beraiek iragarritakoa gertatzen ari dela Atez Ateko araudia ezartzeari dagokionez. «Ezker Abertzaleak kontrol sozialaren aldeko apustua egin du Atez Atekoak sortu duen eromena bideratzeko». Hamaikabatek salaketa publiko hau baliagarri izatea nahi du herritarrak jakinarazteko Udaltzaingoak araudia modu zorrotzean ezartzearen alde egin duela. «Baina jakinarazten dugu gure taldea ere zorrotza izango dela gauzatzen ari diren gehiegikeriak salatzerakoan».