Larrialdi kimikoen simulakroa egingo dute datorren asteartean

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 19a, 02:00

IHES kimikoen berri ematen duten sirenak aktibatuko dituzte datorren asteko asteartean, urriaren 26an, hala jakinarazi du Udalak. Hiru sirenak eguerdiko 12:00ak aldera aktibatuko dituzte.

Simulakroa da, sistemak funtzionatzen duen ikusteko
Sirenak lantegi kimikoetatik gertuen bizi diren herritarrei laino toxikoaz ohartarazteko jarri zituzten Eusko Jau­rla­ritzako Larrialdiei Au­rre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzako ar­duradunek. Astearteko simulakroa sistemak ondo funtzionatzen duen ikusteko egingo dute, urrutitik aktibatzen baita. Hortaz, azaldu dute, oraingoan ez dela beharrezkoa izango benetazko neurriak hartzea, orain arteko simulakroetan egin den bezala; hau da, alerta bukatu dela adierazten duen txistu-hots jarraia entzun arte etxean geratzea, ateak eta pertsianak ixtea eta haize egokituko aparatuak deskonektatzea. Sirena-hotsak entzungo dira Arkema eta Electro­quimica de Hernani enpresak dauden lekutik, kilometro eta erdiko erradioan. Udalak adierazi duenez, simulakro hauen helburua da, benetako larrialdi kimiko baten aurrean, herritarren segurtasuna bermatzea.

Hernanin bi enpresak dute arrisku kimikoa
Arkema eta Elektrokimika enpresak dira Hernanin arrisku kimikoa dutenak, eta bi larrialdi plan dituzte: Barruko larrialdi plana: en­presa barruan istripurik izanez gero, herritarrentzako edo ingurugiroarentzako arazorik ez badago, barruko plana aktibatzen dute arazoari aurre egin eta konpontzeko. Kanpoko larrialdi plana: istripua herritarrentzako edo ingurugiroarentzako arriskutsua bada aktibatzen da. Kanpoko Larrialdi plana aktibatzen denean herriko larrialdi plana ere jartzen da martxan. Kasu honetan, enpresa SOS Deiak zerbitzuarekin jartzen da kontaktuan, eta Kanpoko Larrialdi Plana aktibatzen da, eta horrekin batera, suhiltzaileak, Ertzaintza, Udaltzaingoa...; talde bakoitzak bere funtzioak aurreikusita ditu. Udalaren kasuan, Udal Koordinaketa mahaia elkar­tzen da, eta Udal taldeak aktibatzen dira. Eta SOS Deiak eta Udaltzainekin harremanetan egoten dira egoeraren jarraipena egiteko. Baita ere, besteak beste, ebakuatze ekintzak kordinatzen dituzte. Larrialdia larria bada ere, Euskadiko Larrialdi plana aktibatzen da.

Herritarrek sirena, eta Ertzaintza edo Udaltzaingoen bidez jakingo lukete
Herritarrek istripua egon dela sirenak martxan jarrita jakingo lukete, eta Ertzaintzak eta Udal­t­zaingoak instrukzioak emango lituzkete. Komunika­bi­deek ere jakinaraziko lukete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!