Frankismoko egun beltz haiek...

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 18a, 02:00

Frankismo garaian gertatutakoa gogoratu zuten atzo, Hernaniko hilerrian eta Gudarien plazan. Jende asko bildu zen. Orduko testigantzak kontatu, lore eskaintza egin, eta denek eskatu zuten, egia argitzeko, justizia egin, eta garantiak jartzeko, berriz horrelakorik gertatu ez dadin.

«Gure familiaren tragedia kontatuko dizuet, beste familia asko eta askoren izenean» Maite Landinen hitzak dira, hilerrian egindako ekitaldian esanak. «Gure anaia Juan An­tonio, Galerna barkuan zihoan, Aitzol eta beste pertsona askorekin ihesean. Barku hura 250.000 pe­ze­taren truke saldu zuten, pertsona guztiekin. Gure anaia Hernaniko hilerriko paretan fusilatu zuten, Aitzol eta beste askorekin batean. 21 urte zituen; zuzenbidea ikasi berria, eta euskeraz ikasi zuen anai bakarra. Aitzol oso ezaguna zen gure etxean; biei agur esan genien egun hartan».

«Tragedia ez zen hor bukatu. Enrique, anai txikia, Sase­tako batailoian alistatu zen. Harrapatu egin zuten eta preso sartu. Oso gazterik hil zen. Erbesteratu egon gintuzten, eta handik berriz bueltan hona bidali. Mugan, aita harrapatu eta atxi­lotu egin zuten. Erren­terian egin zizkioten pertsona bati egin litezkeen astakeria guztiak. Erdi hilean atera zu­ten kar­tzelatik, bertan hil­tzerik nahi ez zutelako. Zorionez bizirik atera zen».

«Gure anaiak Her­na­niko neska-laguna zuen: Pe­pi­ta Sarasketa, orduko medikuaren alaba. Mediku hark, beste bi pertsonekin (Goia eta beste osaba bat) gauez, gure anaia lurpetik atera, eta familiako panteoian sartu zuten. Beti eskertuta egongo gara egin zutenagatik». «Hiru pertsona haiek bizi­tza jokuan jarri zuten gau hartan. Politikoek zer egiten dute? Itzalari begiratu. Egia jakin beharra dago, ezin da izkutatu. Eta galdera bat:  non dago pareta hura? Zergatik bota zuten? Markatua zegoen, bala zuloz eta odolez... Hura zen astakeriaren lekuko, eta monumentu».
 
Testigantza gogorrak
Maite Landin bilbotarrak eta Jose Luis Uribesalgo arrasatearrak kontatu zituzten euren testigantzak (Uribesalgoren aita etxean atxilotu eta ez zen gehiago azaldu). Jexux Arre­gi frantziskotar ohiak euskal elizaren izenean barkamena eskatu zuen, eta aldi berean, eskerrak eman, eta miresmena adierazi, orduko apaiz askoren lanari. Aitzol eredu izan zela adierazi zuen Arre­gik, gauza askotan. Mertxe Etxeberria alkate ohiak go­goratu zituen hilerrian fusilatutako 129 per­tsonak, eta or­duko oroipen tristeak: gu­darien familietakoak, kartzelaldiak, langile batailoiak, bonbardaketak, ile mozketak, irainak, umiliazioak, eta abar...      

Gudarien plazan ere ekitaldia izan zen, eta han hitz egin zuten: Juan Ignazio Arrietak, Antxon Gomezek, eta Lorea Pe­rez de Albe­ni­zek... Lau Hai­zetara Gogoan taldeak antolatu zuen atzoko ekitaldia, Oroi­men Histori­koa­ren alde. Gi­sakoak egiten ari dira Euskal Herriko 16 herri esanguratsutan. Bukae­ran mezu bat: «seni­de­ guztiei dei egiten diegu, gurekin hartu emanetan jar­tzeko. Justizia egin nahi dugu, eta denen beharra dugu».

Fusilatutako 13 hernaniar*

  • Jose Adarraga - Apaiza
  • Julian Alzelai - 23 urte
  • Jose Amilibia Saldias - 29 urte
  • Candido Aranburu Txintxurreta - Komunista - Rosa de Luxenburgo batailoiko burua
  • Angel Arbiza - 37 urte
  • Felisa Goñi Biurrun
  • Fernando Isutia Maiz - Regimiento de la Victoria 28 zk gudaria
  • Angel Jimenez - UGT
  • Jose Manrique - 38 urte
  • Alejandro Mendikute - Apaiza
  • Angel Tormes Asin - EAJ
  • Policarpo Usarraga - 49 urte
  • Pascual Zabala

(*) Jakin ahal izan direnak.   Gehiago izan daitezke.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!