OROIMEN Historikoa defendatzeko lanean dihardu Lau Haizetara Gogoan plataformak azken urteetan. Plataformak batzen ditu, genozidio frankistaren eta Estatu terrorismoaren biktimak eta hauen senideak, eta baita honen inguruan lan egiten duten taldeak ere. Biharkoan, Oroimen Historikoa defendatzeko ekitaldia egingo dute Hernanin, Udalaren eta herritar batzuen laguntzarekin.
Hainbat arrazoi,
ekitaldia
Hernanin egiteko
Hego Euskal Herriko 15 taldek osatzen dute Lau Haizetara plataforma, eta azaldu dutenez, dezente dira dituzten arrazoiak, biharko ekitaldia egiteko, eta lekua Hernani izateko.
Alde batetik, 77ko Amnistiaren Legearen urtemuga da gaur, eta ekitaldiari horren inguruko pisu politikoa eman nahi diote; Amnistiaren legea bertan behera uztea eskatuko dute.
Bestetik, Aitzol eta beste zenbait pertsona Hernanin fusilatu zituzteneko urtemuga etzi da; fusilamenduak 1936ko urriaren 17an izan ziren. Gogora ekarri nahi dute gertaera hura, eta omentzeaz aparte, aldarrikatuko dute egia jakitearen beharra, justizia egitearena eta hori erreparatzearena.
Azkenik, ekitaldia Hernanin egitearen beste arrazoia da kanposantuan gertatutakoa. Aranzadiri kanposantuko hilobi bat irekitzea eskatu zion Udalak, eta irekitakoan kripta hutsa zegoen. Plataformak hori salatuko du biharkoan, eta kasu honetan ere, egia, justizia eta erreparazioa eskatuko ditu: «pentsatzen dugu gorputzak Valle de los Caidos-era eraman zituztela, eta hori 60garren urte inguruan egin zutela».
Mertxe Etxeberria: «justizia egitea beharrezkoa zen»
Mertxe Etxeberria zen Hernaniko Alkatea kanposantuan deshilobiratzeak egin zituztenean, eta biharko ekitaldiarekin bat eginez, gogora ekarri ditu garai hartan bizitutakoak.
Etxeberriak adierazi duenez, garai hartan zeozer garrantzitsua egiten ari zirela bazekiten, eta helburua han lurperatuta zeudenekin eta haien senideekin justizia egitea zen. Azaldu duenez, alde batetik emaitza eskasak lortu zituzten, baina bestetik, ikerketa horrek balio izan zuen, ondoren beste herrietakoak egiteko, pausu bat izan zelako. Eta berari, pertsonalki ere, balio izan zion, ezagutzen ez zituen hainbat pertsonekin harremanetan jartzeko: «ez nuen askorekin hitz egin, baina Goia eta Usarragarekin hitz egindakoa nahikoa izan zen. Beraiek bizitutakoa kontatu zidaten, eta nik etxean entzunda neukanarekin kontrastatu nuen. Nik entzunda nuen, gerra garai hartan, Santu Guztien Eguneko jaiean, jendeari debekatu egin ziotela kanposantura joatea, eta esango nuke udaletxean badagoela bando bat, garai hartako Alkatearena, hori konfirmatzen duena. Deshilobiratzeekin hasi ginenean, Joxebe Goiak konfirmatu egin zidan, eta esan zidan sarrera lohiez eta odolez betea zegoela. 36ko urrian izan ziren hilketa guzti horiek, ia 200 hil zituzten. Horietatik 7-8 ziren Hernanikoak, eta besteak Ondarretako kartzelatik eta Donostiatik ekartzen zituztenak ziren».
Lehenengo ekitaldia, 11:30etan hilerrian
Aurreneko ekitaldia kanposantuan izango da bihar, 11:30etan; bertan omenaldia egingo dute, eta hitz batzuk egin ostean, lore eskaintza egingo dute. Ordu berean, 11:30etatik 12:00etara Andoaingo errepublikar banda eta koroa ibiliko da herriko kaleetan barrena. Eta azken ekitaldia, nagusia, Plazan izango da, 12:00etatik 12:30etara: garaiko ikurren erakustaldia egingo dute, Andoaingo errepublikar bandak emanaldia emango du, eta hiru hizlariren hitzak ere izango dira, Izarren Argia pelikulako aktorea, Antxon Gomez, eta Hernaniko errepresaliatuen familiartekoen ordezkariarenak.
Lau Haizetara Gogoan, Oroimen Historikoaren alde lanean
lau Haizetara Gogoan Plataforma 2007an abiatu zen Euskal Herrian, Oroimen Historikoaren aldeko lanean. Plataformaren aurreneko hausnarketa, Oroimen Historikoarekin zer egin izan zen. Atera zuten aurreneko ondorioa izan zen historialari guztiak bat datozela esaterakoan, frankismoan genozidioak edo gizartearen kontrako krimenak burutu zirela. 20 parametro daude definitzen dutenak erregimen batek noiz burutu dituen gizartearen kontrako krimenak, eta frankismoak guztiak betetzen ditu: «adibidez, Nafarroan frankistek 5.000 pertsona hil zituzten gerra fronterik egon gabe, eta Estatuan 30.000 ume lapurtu zituzten. Eta juridikoki guzti hau ez da preskribitzen, beraz epaitu egin behar da». Hala ere, oztopo bat dutela diote, 1977ko Amnistiaren legea, frankismoko krimen guztiak amnistiatzen dituena, eta mugak jartzen dizkiona hiru kontzepturi: egiari, justiziari eta erreparazioari. Hori guztia bideratzeko, Euskal Herriko Egiaren Batzordea izango litzateke aurreneko pausua. Erakunde batzuk bideratuko lukete, eta nazioarteko pertsonalitate batzuk jasoko lituzkete froga horiek. Aurreko legealdian, Ezker Abertzalea taldeak, tartean Nekane Erauskinek, legez besteko proposamena sartu zuen Legebiltzarrean, eta bertan onartu egin zen, nahiz eta Gobernua aldaketa tarteko, ez den aurrera eraman: «garrantzitsua izan zen, Egiaren Batzordea sortzeko bidea jarri baitzuten. Orduan guk egin genuen txostena, Amnistia Internazionalak egin zuena, eta Hego Ameriketako beste batzorde batzuk egin zutena, Nazio Batuetan aurkeztu genuen, behintzat txosten hori hor dago».