«Hernani, Oiartzun eta Usurbilen biltzen den organikoaren kalitatea ezin hobea da, %95etik gorako garbitasuna du kasu guztietan, eta kasu batzuetan ia %100era iritsi da». Hori da hiru herrietako Alkateek atzo prentsaurrean adierazi zutena, azken egunotan prentsak kaleratu dituen datuei erantzunez. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak urriaren 2an kaleratu zuen, Atez Ate biltzen den organikoa kalitate eskasekoa dela, ezin dela konpostatu, eta kilo asko bota behar direla zabortegira. Hiru Alkateek (Marian Beitialarrangoitia, Hernani; Aitor Etxeberria, Oiartzun; eta Xabier Mikel Errekondo, Usurbil) erabat gezurtatu zituzten datu horiek, eta eurei bidalitako datuak beste batzuk direla jakinarazi zuten, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak kontratatu, eta Novotec enpresak eginak. «Ez ditugu guk egin, GHKk egin ditu, eta datu ezin hobeak dira».
«Atez Atekoa desitxuratu nahi du Partzuergoak»
Hiru Alkateen esanetan, Partzuergoa gezurretan ari da, «Atez Ateko sistema desitxuratu nahi dutelako». Partzuergoaren jarrera errespeturik gabea izan dela adierazi zuten, «prentsan publikatu zituzten akusazioak, hiru Udalei jakinarazi aurretik, erakundeen gutxieneko errespetuari muzin eginez».
Gaur egun, hiru herriek gaika biltzen dutena %80tik gora dela adierazi zuten, eta Partzuergoak sinesgarritasuna kendu nahi diola «hain emaitza onak ematen ari den sistemari». «Emaitza horiek txarrak direla esan digute, inposizioaz hitz egin dute, auzibidean jarri gaituzte, eta erakundeetatik bota gaituzte... eta orain, kalitatearekin hasi dira».
Hiru Alkateek adierazi zuten, hiru herriotako organikoa Partzuergoaren eskuetan uztea dela, «oiloak azeriaren esku uztea bezalakoxea; baina ez dugu onartuko herritarrak zintzo-zintzo egiten duten ahalegina Partzuergoaren utzikeriagatik zabortegira botatzea».
«Beste arrazoi batzuk»
Hiru Udalek adierazi zuten, beste arrazoiren batzuk egon ote daitezkeen, organikoa zabortegira botatzeko. «Lapatxeko konpostaje planta prest al dago, horrenbeste organiko jasotzeko? PIGRUGak esaten zuen 2009an 3 konpostaje planta egongo zirela Gipuzkoan, eta bakarra dago. Eta espero zutena baino askoz organiko gehiago. Zer egiten dute organiko horrekin, prest ez badago hainbeste jasotzeko? Guri ez digute uzten barrura sartzen».
«Garantiak nahi ditugu; Ordezkaritza Tekniko bat»
Bilera eskatu dute hiru Udalek, Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko Diputatu eta Partzuergoko lehendakariarekin, «faltsukeriak argitzeko eskatu nahi diogu, eta bigarren, eskatu nahi diogu presente egon nahi dugula, gure herrietako organikoari azterketak egiten zaizkionean. Gezurra badirudi ere, ez digute uzten Lapatxera sartzen, azterketak egiten direnean».
«Ordezkaritza Tekniko bat nahi dugu. Atez barrura ezin gara sartu eta ezinbestekoa da presentzia teknikoa». Horrez gain, premia dagoela adierazi zuten: konpostajeko azpiegiturak egokitzeko; ordutegia egokitzeko, bildutakoa lehenbailehen trata dedin; harreman zuzena izateko erakunde artean; azterketen emaitzak lehenago jasotzeko.