Abiadura Haundiko Trenaren obrak hasi dira Gipuzkoan, eta AHTren kontrako plataformak adierazi duenez, «berehala» hasiko dira Hernanin eta Urumeako bailaran. Protesta egiteko, AHTren kontrako eguna egingo dute gaur, Hernanin. Goizeko 09:30etan Tilosetatik abiatuko dira, eta Ginkana egingo dute mendietan. Bueltan, 14:00etan, bazkaltzeko elkartuko dira Atsegindegin, eta mahaingurua girotzeko Mantala No! eta Ania kantautoreen emanaldia izango da. Protesta egunak jarraipena izango du arratsaldean. 19:00etan kalejira egingo dute Tilosetatik aterata. Iluntzean, 21:00etan, AHTren aurkako ekintzen inguruko bideo emanaldia egingo dute Atsegindegin. Eta protesta eguna amaitzeko, 22:00etatik aurrera kontzertuak izango dira leku berean: KaosarenerasoaK, Neviosah, Fiemo eta Komando Itinerante. Plataformak dei egin die herritarrei taldearekin bat egin eta ekitaldietan parte hartzeko.
«AHTren ondorioz, kaltetuena Urumea ibaia izango da»
Eusko Jaurlaritzak uztailan onartu zuten AHTren hiru tramoren proiektua eta aurrekontua, tartean Hernanikoa. AHTren aurkako taldeak adierazi duenez, «garestiena Astigarraga eta Hernani lotzen dituen tramoa da, 54 milioi euroko kostua du». Horrez gain, azaldu dute, tramo horretan, Urumea bailara eta ibaia direla kaltetuenak: «Urnietatik Astigarraga bitartean 2.157 metroko tunela egingo dute; Uban erreka gainetik 170 metroko zubia; Altzueta eta Iparragirreko erriberetan, mendiari ebakia egin, eta 780 metroko beste zubi bat egingo dute; eta Akarregira azaltzeko, Ibarluzetik barrena 769 metroko tunela egingo dute» yy