AHTren kontrako eguna Hernanin, larunbatean
AHTren kontrako taldeek deituta, Hernanin egun guztiko protesta eguna egingo dute larunbatean. Goizeko 09:30etan hasita izango dira: ginkana, bazkari herrikoia, kantautoreak, kalejira, bideo-emanaldiak, kontzertuak eta abar.
«Urumea kaltetuena»
Antolatzaileek diotenez, orain da mugitzeko garaia, obrak hasi baino lehen. «Bestela laster ikusiko ditugu, gure mendiak erabat txikituta». Urumea ibaia eta bailara omen da kalterik haundienetako jasango duen zonaldea. «Lehengo obra, bide eta eraikuntza guztiez gain, AHTak sekulako mina egingo dio Urumea bailarari. Ibaia landa-lurrik gabe geratzen ari da, eta inguruko baratze guztiak desagertuko dira. Mendiak zuloz josiko dituzte, eta pista berri asko ikusiko ditugu laister».
«Adibide moduan jartzeko, Urnietatik Astigarraga bitartean egingo dituzte: 2157 metroko tunela; 170 metroko zubia, Uban erreka gainetik; hortik mendiari sekulako ebakia egin, eta 780 metroko beste zubi bat egingo dute Altzueta-Iparragirreko erriberatan, eta handik, Ibarluzetik, 769 metroko tunela, Akarregin azaldu arte».
EGITARAUA
Urriak 16 - Larunbata
- 09:30 Ginkana Mendietan (Irteera Tilosetatik)
- 14:00 Bazkari Herrikoia, Tilosetan
- Ondoren kantautoreak: Mantala No! eta Ania
- 19:00 Kalejira (Irteera Tilosetatik)
- 21:00 Bideo-emanaldia, Tilosetan: AHTren aurkakoekintzak
- 22:00 Kontzertua, Tilosetan: KaosarenerasoaK, Nerviosah, Fiemo eta Komando Itinerante.