Udaletxeko soldatak murriztuko dira defizita gutxitzeko, Plenoak erabakita

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 23a, 02:00

Osteguneko Plenoak ha­la erabakita, Hernaniko udal­etxeko soldatak mu­rriz­tu egingo dira, defizit pu­blikoa gutxitzeko. Neurria Errege Lege Dekretutik da­tor, eta Gobernu Taldearen aldeko botuekin onartu zen. Bi bozketa egin ziren, aurrenekoan, Gobernu Tal­deko zinegotzi guztiek alde bozkatu zuten, batek izan ezik; EAJ-PNV, Hamaika­bat, PP eta EBak aurka bozkatu zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen. Ber­dinketaren ostean, bigarren bozketa egin zuten, eta Gobernu Taldeko zinegotzi guztien aldeko boturekin onartu zuten; gainerako alderdiek aurreneko bozke­tako botu bera eman zuten.

Murrizketa pixkanaka egingo da
Murrizketa pixkanaka egin­go da: soldata altuenen mu­rriz­ketak ehu­neko altuago batekin hasiko dira: %5­eko gutxitzea izan­go dute. Eta gradualki jais­ten joango dira, eta baxuenek %0,41eko murrizketa izango dute. Horretarako, mu­rrizketa jaso­tzen duen or­dain­keta taula berria eza­rriko da.
Murrizketa aplikatuko zaie Hernaniko Udaleko eta bere menpeko erakunde autonomoetako funtziona­rio zein langileei. Dekretuak proposa­tzen diren neurrien artean, bi, ondorengoak dira:  
Bat, 2010 urtean, langi­leen prestakuntzarako par­tida 19.720 eurotik erdira jaistea, hau da, 9.860 eu­rotara, eta 2011n kopurua mantentzea.
Bestea, 2011rako, langi­leen ordezkapenetarako pol­tsaren partidarako 140.000 euro aurreikustea, 2010ean baino 10.000 euro gutxiago.

Alkatea: «botoak baietz dio, baina ezezkoa garbi utzi nahi dut»

Plenoko bozketa egin os­tean, Marian Beitialarran­goitia alkateak adierazi zuen Alkatetzan dagoenetik bere uste eta gogoaren kontra hartu behar izan duen erabaki bakarre­ne­ta­koa izan dela: «hartu dudan erabaki zailenetakoa izan da, eta horixe bera salatu nahi nuke ezer baino lehen, eta argi adierazi ez natorrela bat dekretu honekin. Madrilen erabaki dute zein defizit egoera dugun, eta horri nola aurre egin behar diogun, erabakia inposatu egin digute, Euskal Herrian burujabetza politiko ezaren ondorioz».
Azaldu zuen lehen­ta­su­na eta norabidea Madriletik ezarri nahi dietela, orduan eta ageriago utziz euskal esparru sozio-ekonomikoa eraikitze­ko premia dagoela: «Udal errealitateak ezagutu eta berezi gabe, Udal au­tono­miaren kontra egiten duen erabakia da Madril­goa, nire ordez erabaki eta zer bozkatu behar dudan agintzen duen erabakia. Negoziaketa kolek­tiboa ere hankaz gora jartzen du, eta langileen bizkarrera botatzen du krisialdiari aurre egiteko ardura. Bestelako neurriak posible badira ere, beti ahulenaren bizkarra jotzen dute. Horregatik guztia­ga­tik, botoak baietz dion arren, ezezkoa garbi utzi nahi dut».
Hernaniren egoera kon­tuan hartuta, soldatetan eragina duen dekretu hau ez dela onargarria adierazi zuen Alkateak; denentzat egoera bera ezarri nahi horretan, bakoitzak hartutako neurriak ez direla kontuan hartzen jakinarazi zuen: «Hernanin lege agintaldi hasieratik har­tu ditugu neurri zehatzak, gure egoera ekonomikoa mol­da­tzeko, momentuan momen­tuaren araberakoak; eta diru publikoaren erabil­pen zu­zenak aginduta. Ho­rrek ahalbidetu du azken urte amaierak positiboak izatea, nahiz eta bidean lan­gileei adostutako hobekun­tzak aplikatu. Bestelakoak izan dira aurrezte bideak».
Adierazpenetan, gogora­razi zuen Gobernu Taldeak agintaldi hasieran hartu zuela aurreneko neurria, bes­teak beste, Alkatea beraren eta zinegotzien soladatak jaitsiz: «nire soldata, zehazki, %40 jaitsi genuen, eta honi esker, Udalak lau urtetan 80.000 euro aurreztu ahal izango du. Zinegotzi liberatu eta aholkularien gastua ere murrizten joan da urtetik urtera: 2006an 400.000 eurotik gora zena, 2009an 324.000 izan dira, eta aurten aholkulari bat gutxiago dugu. Asistentzia dietak ere ez dira igo aurten. Horrez gain, aurtengo aurrekontuan pertsonal gastua, langile­rian gastatzen duguna eta gastu arrunta jaitsi dugu, 130.000 eurotik gora, guz­tira». Hori guztia azalduta, esan zuen Udala ari dela bestelako neurriak hartzen egoerari aurre egiteko, eta horregatik argi utzi zuen ez datorrela bat Dekretuak agintzen dionarekin.

Botua eman aurretik, gainerako alderdiek ere arrazoitu zuten beren erabakia
PSE-EE alderdia abstenitu egin zen, eta besteak beste, adierazi zuten, EUDELek (Euskadi­ko Udal Elkar­teak) dion gutxi hori jaitsi beharko litzateke, soldatak lehendik ere jaitsita baitaude.
EAJ-PNVko bozera­mai­leak azaldu zuen proposa­mena beste kasuekin alde­ratu ahal izateko, azken kopurua edo zenbatekoa faltan botatzen zuela, eta nahiz eta eskatu, ez zuela eskuratu; hortaz, aurka bozkatzen zuela.
Hamaikabatek jakinarazi zuen, ezetz bozkatuko zuela, eta egia zela Alkateak beste maila bateko soldata zuela, baina kasu honetan ere, beste langileek bezala, murriztu egin beharko lukeela.
Azkenik, PPko bozera­mai­leak esan zuen bere ezezkoa ez zela sindikatuek eraginda izan, Alderdiak hartutako erabakia zela.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!