Iazkoa bukatu bezain fuerte hasi dute denboraldi berria hernaniko paletariek. Gipuzkoako txapelketako finala elkarren kontra jokatu beharko dute, joan den asteburuan bi finalerdiak irabazita. Alde batetik, Ane Lizeaga, Eneritz Perez eta Garazi Jauregi joango dira, eta bestetik, Mirari Pagola, Eli Gutierrez, eta Garbiñe Tijero.
Finalerdietan Altzatarra taldea menderatu zuten bai batzuk eta bai besteek: Lizeagak eta Perezek 30-20 irabazi zuten, eta Pagolak eta Tijerok 30-17. Azken partidu hori Gutierrezek hasi zuen, baina beroagatik txorabioa sentitu, eta Tijerok bukatu behar izan zuen, hirukoteak parte hartzen baitu txapelketa honetan. Gutierrezek ez du ezer larririk eta asteburuan jokatzen moduan izango da. Lizeaga eta Perezen kasuan, bi hernaniarrak dotore aritu ziren, eta ez zuten sorpresarako aukerarik utzi, biak baitziren faborito. Hirukotea osatuz, Garazi Jauregi joango da beraiekin. Finaleko egunean erabakiko dute hirukote bakoitzetik zein bik jokatuko duten.
Beste hiru partidu
Beste hiru partidu ere izan ziren asteburuan; honakoak: Ubarretxena-Dominguez 16/ Real Sociedad 40; Lizeaga-Gorrotxategi 8 / Aurrera Saiaz 22; eta Ezeiza-Aizpitarte 22-Arrasate 11.