Urte hobearen esperantzan
Joan den urtean 116 uso bota ziren, 15 tortola, 920 birigarro eta beste 50 hegazti, Hernaniko postuetan. Ez dira oso datu onak ehiztarientzat, beste urte batzuekin alderatuta, behintzat. «Usoa lehen baino gehiago dela diote» adierazi dio Txantxangorriko arduradunak Kronikari, «baina zerbaitegatik, beste nonbaitetik ari da pasatzen». Iaz, kosta aldetik asko pasa zela dio Gipuzkoako Ehiza Federazioak.
Orokorrean, Gipuzkoako ehiztari guztientzat izan zen urte txarra iazkoa, eta ez ziren hobeak izan aurreko biak ere. Ehizarako afizioak ez du behera egin, hala ere.
190 federatu Txantxangorrin
Ez da erreza jakiten, Hernanin zenbat ehiztari dauden, baina Txantxangorrik dioenez, 200dik gora behintzat, behar dute. Txantxangorrik, 190 ehiza-federatu ditu, eta Gipuzkoako Federazioan zuzenean federatutakoak ere batzuk badira, beraz, 200dik gora izango dira Hernanin, ehiztariak. Gipuzkoan, 12.000 ehiztari dira.
Txantxangorrik, horrez gain, baditu arrantza eta tiroko federatuak; arrantza federatuak 45 bat eta tiroan 35 bat. Denera, 270 federatu ditu beraz, Txantxangorrik.
119 postu, hiru lineatan
Gipuzkoan 4.000 ehiza postu daude, 90 bat lineatan. Postu horiek ehiza elkarteek zozketatzen dituzte, eta Hernanin Txantxangorrik egiten du lan hori. Arraltsaldero, 20:00etan hasten dira sorteoak, eta Hernaniko 119 postuak zozketatzen dira. Azketan dira postu gehiena: 50. Larre-Gainen 38 dira; eta Arizmendi eta Altzean 31.
Iaz, zozketetan 4.557 eskaera egin zituzten ehiztariek, eta 4.121 postu adjudikatu ziren. Ehiza gehien Azketan egin zen: 46 uso eta 400 birigarro. Larre-Gainen 55 uso eta 340 birigarro; eta Arizmendi-Altzean 15 uso, 180 birigarro eta 15 tortola.