Universidad de Vigoren kontra jokatuko du bihar Hernanik denboraldiko bigarren partidua, 12:00etan, Lagoas Marcosende zelaian.
«denboraldiko aurreneko partidua nahiko eskasa jokatu genuen Bartzelonaren kontra, baina pixkanaka joan den urteko maila errekuperatu nahi dugu, eta biharko partidura aurrerapausu bat emateko asmoz goaz», Gurutz San Miguel entrenatzaileak hala adiarazi dio Kronikari. Universidad de Vigoren kontra jokatuko du bihar Ohorezko B mailako taldeak, eta entrenatzaileak partidua zaila izango dela aurreikusten du. Aurkariak jende indartsua du aurrean, sendoa eta haundia, eta horrez gain, fitxaketa berriak ere egin ditu, «talde polita osatu dute».
Hernanik ez du oroitzapen ona Lagoas zelaian jokatutako partiduetatik, joan den urtean esaterako, etxetik kanpora galdu zuten bakarra izan zen, baina «irabazteko asmoarekin» abiatu dira Vigo aldera, «partidu ona jokatu eta joan den urteko bidea berreskuratzeko asmoz».
Partidura jubenil taldeko hiru jokalari eraman dituzte, denboraldi hasierako bost jokalarien bajei bat gehitu baitzieten joan den astean.
Partidua Lagoas Marcosende zelaian jokatuko da, bihar, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!